Josu Uribetxeberriak biriketan minbizia duela eta buruan metastasia duela baieztatu dute Arrasateko Herrira ekimenekoek, manifestazioa amaitu denean, gaur bertan medikuek bere arrebari esandakoaren arabera.
Arrasateko Herrirak gogora ekarri du Josu Uribetxeberriak giltzurrunetako minbizia duela orain dela sei urtetik.
Minbizia duen preso bat kartzelan mantentzea salatu dute herritarrek.
Gai honekin lotuta, gaur, zapatua, prentsaurreko bat egingo du Askatasunak eta datorren asterako manifestazio nazionalerako deia egingo du, preso arrasatearraren egoera salatzeko.
Hona hemen Arrasateko Herrirak argitara eman duen mezua, oso-osorik:
Josu Uribetxerria askatu! Hamalauak herrira!
"Josu Uribetxeberriari buruan eta biriketan nodulo berriak aurkitu zizkioten joan zen astean eta une honetan Leongo ospitalean aurkitzen da, zaintza berezia izan dezan. Gaur medikuek bere arrebari esandakoaren arabera, aipatutako noduluak txarrak dira. Josuk minbizia du biriketan eta metastasia buruan.
Gainera, konfiantzazko medikuak ez du oraindik presoarekin egoteko aukerarik izan. Familiak, astean bi aldiz bisitatzeko baimena lortu du, baina soilik ordu erdiz ikusten dute joaten diren bakoitzean.
Beraz, ezer baino lehen besarkada bat helarazi nahi diogu hemendik gure herrikidea den Josuri, baita hainbeste sufritzen ari diren bere senideei ere.
Josuren egoera Espainiako espetxe politikaren erakusle argia da. 6 urte daramatzagu bere egoeraren larritasunaz ohartarazten, mediku informeen arabera berriz minbizia izateko probabilitatea %51koa zelako, hamaika ekimen desberdin egin ditugu Josuren askatasuna eskatzeko, baina mendekuan oinarrituriko espetxe politika aplikatzen jarraitu diote.
Minbizia duen pertsona bat espetxean mantentzea inolako gizatasunik ez duen erabakia da, giza eskubide guztien aurkakoa. Finean, horretan oinarritzen da Espainiako espetxe politika, giza eskubideen ukazioan. Espainiako Gobernua bereziki krudela izaten ari da gaixotasun larriak dituzten presoekin eta hauen senideekin. Benetan egoera larria da hamalau preso hauek bizi dutena eta Herriratik alarma guztiak piztu nahi ditugu preso hauek bizi duten egoera dela eta.
Beldurgara gaixotasun larriak dituzten presoen egoerak zer ondorio izan ditzakeen, baina egoera bere horretan mantentzeak benetan atzera bueltarik gabeko tragediak sor ditzakeela sinistuak gaude. Horregatik, hamalau pertsona hauen berehalako askatasuna eskatzen dugu beste behin. Utzi diezaiotela euskal preso politikoen bizitzekin jokatzeari. Errespeta ditzatela pertsona bezala denoi dagozkigun giza eskubideak.
Nola ulertu daiteke egoera honetan minbizia edo eskizofrenia bezalako eritasunak dituzten presoak espetxean eta sakabanatuak mantentzea? Nola ulertu hainbeste sufrimendu eta heriotza eragin duen sakabanaketa politika indarrean mantentzea? Nola ulertu Europako ebazpenei muzin egin eta bizi osorako espetxe zigorra mantentzen jarraitzea? Itxikeria da nagusi Madrilen eta Parisen.
Egoera larrienak gainditzea da luze baino lehen lortu beharrekoa. Josu etxera ekartzea, larriki gaixorik diren beste hamahiruak etxera ekartzea, bizi osorako zigorrarekin eta sakabanaketarekin amaitzea.
Azken urteetan hamaika aldiz herriko eragile ugarik eskatu dugu Josuren askatasuna. Halere, Josuren egoera okertu egin da, beraz, herritarrei, eragile politiko, sindikal eta sozialei dei berezia egiten diegu egoera hau amaitzeko beraien indarrak biderka ditzaten".