Lutxo Iturrino: "Badakit Mondra ze egoeratik datorren, eta ilusioz ekin nahi dugu denboraldia, Arrasateko jokalariak batuaz"

Xabier Urtzelai 2012ko uzt. 26a, 22:52

Mondrako zuzendaritza batzordeak fitxaketaren berri eman eta hiru egunera aurkeztu dute Mojategin Lutxo Iturrino, Mondrako entrenatzaile berria. Garrantzitsua zen oporretan joan aurretik entrenatzailea lotuta uztea, kirol proiektu berriaren lehen oinarria ezartzea. Etorkizunak esango du fitxaketa ona den ala ez, futbolean emaitzek agintzen dutelako, baina aurrez, zuzendaritza batzordeko ordezkariek bete-betean asmatu dute, Lutxo taldean egotea motibagarria delako bai taldean zeudenendako, eta baita fitxaketa posibleendako ere. Entrenatzaile mutrikuarrak Domingo Arkotxa izango du laguntzaile lanetan. 

Aurkezpenaren aurretik, Mondrako zuzendaritzak talde zuri-morearen egoeraren berri eman dio Lutxo Iturrinori. Arlo ekonomikoan gauzak dauden moduan daude, hoberanzko joeran, baina aukera mugatuekin. Eta kirol arloan iazkoak erakusten du taldean aurpegi berriak behar direla, baina ez dagoela iraultzarako aukerarik.

Baina, entrenatzaile mutrikuarrak ez du iraultza asmorik: "Arrasateko jokalariak batzea da asmoa, proiektu ilusionagarri bat osatzea, orain ditugunekin eta etor daitezkeenekin. Badakit ni entrenatzaile izatea erakargarri izan daitekeela jokalari batzuendako, hala esan didate zuzendaritzakoek, eta ea hala den".

Entrenatzaile mutrikuarrak Domingo Arkotxa izango du ondoan, aspaldiko lagunak, baina orain arte batera egon ez direnak, nahiz eta Eibarko harrobian ondo-ondoan egon diren lanean. Entrenatzaile mutrikuarraren asmoa jokalariak ezagutzea da, hori da lehenengo helburua: "Eta ligara begira garbi daukagu zein den helburua, alegia, lehenengo partiduan emaitza ona lortzea. Ez dugu haratago begiratu nahi".

Mondrako entrenatzaile berriak, gainontzeko kategoriatako entrenatzaileekin.

Mondrak domekatan jokatuko du

2012-2013 denboraldian Mondrak domeka arratsaldetan jokatuko ditu etxeko partiduak. Ondoko herrietan, Oñatin eta Aretxabaletan, zaleak ohituta daude jai-egunean herriko futbol taldea ikustera joatera: "Domekan dendak itxita daude, Realak zapatuetan jokatzen du... Uste dugu neurri polita izan daitekeela jendea Mojategira erakartzeko", adierazi du aurkezpenean klubeko ordezkari Fernando Urangak. Hala, klubeko ordezkariek ere "lasaitasun" berba erabili dute behin baino gehiagotan, gauzak ez direlako egun batetik bestera aldatzen.

Oier Zabaleta, Jon Zabaleta, Markel Gonzalez, Oleaga... horiek dira, oraingoz, Mondrak denboraldi berrira begira fitxatu dituen jokalariak. Iker Uribarrenen atzetik (Athleticeko harrobiak emandako jokalari arrasatearra) dabiltzala ere aurreratu dute, baina jokalariarekin berba egin behar dute oraindik. Horrekin batera, baina, Eibarko jokalari bat baino gehiago interesgarria izan daiteke Mondrarendako, jakinda, gainera, talde hori desagertu berri dagoela.

Abuztuaren 20an, lanera

Mondrak abuztuaren 20an hasiko du aurre-denboraldia, eta dagoeneko baieztatu dute Bergara Hiria torneoan egongo direla. Arrasate Hiria torneoa, berriz, irailaren 8an jokatuko dute, eta hurrengo asteburuan hasiko da liga txapelketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak