Azpikontratatutako enpresa batekoak dira zauritutako bi lagunak. E.G.S, 26 urtekoa eta J.C.A.J, 33koa. Ezbeharra gertatu denean, langileak makina bat garbitzen ari ziren grasa kentzeko likidoarekin, ezagutzen ez diren arrazoiengatik leherketa gertatu denean. Lantegi hartako behargin baten arabera, 10 langile inguru ariko ziren lanean leherketa izan den lekutik gertu eta haietako bi harrapatu ditu bete-betean. Esan bezala, bat sutan ikusi dutela adierazi digu. Lankideek eurek eraman dituzte errepidearen beste aldean dagoen eskualdeko ospitalera, bat furgoneta batean. Leherketaren ondorioz sortutako sua ere langileek itzali dute, itzalgailuekin. Badaezpada, suhiltzaileei ere deitu diete gero, surik berriz sortu ez zedin ziurtatzeko.
Leherketa zerk eragin duen argitzeko azterketa
Gurutze gorrikoak eta udaltzainak ere bertaratu dira, baita ertzainak ere. Istripuaren lekuan egin dute aurreneko azterketa, argazkiak-eta hartu dituzte, leherketa zerk eragin ahal izan duen jakiteko. Kalte materialak ez dira handiak izan, aurrez aipatutako langilearen arabera.
Fagor Arrasaterendako zerbitzu teknikoa
Arrasateko Nafarroa Etorbideko Fagorren lantegian, garai batean Gamei izandakoan, Fagor Arrasaterendako zerbitzu teknikoa ematen dute. Automoziorako makinak-eta konpontzen egiten dute lan. 25 lagun inguru ari ziren plantan lanean istripua gertatu denean. Lantegitik kanpora atera dira langileak aurrena eta arduradunek etxera bidali dituzte laster.