"Nahikoa da! Langile eta zerbitzu publikoen aurkako erasorik ez! Burujabetza ekonomikoa eta politikoa!" lelopean egin du elkarretaratzea LAB sindikatuak Arrasateko plazan. Hala, uztailaren 11an PPren gobernuak hartutako neurrien kontra egin dute. Izan ere, sindikatu honek uste du, "neurri hauek azken hamarkadetan ezagutu ditugun larrienak dira, bai gizarte sektore zabalengan izango duen eraginagatik, bai sektore publikoko langileen lan baldintzetan zein sektore publikoaren etorkizunean izango dute eraginagatik".
Erantzun zabal eta indartsua
Eraso honek, erantzun zabal eta indartsu bat eskatzen duela uste dute. Erantzuna maila ezberdinetan izatea eskatzen dute. Hori dela eta, alternatiba baten alde borrokatu behar dela azpimarratu dute eta alternatiba hori kapitalistekin negoziazio baten ondorioz etorriko dela uste dute.
Jendarte osoari eragin
Langile publikoei dagoeneko azken urteetako neurriekin asko kendu digutela adierazi dute. Hala, erasoa sektore publiko osoaren aurkakoa dela eta jendarte osoari eragiten diola jakinarazi dute.
Hondamendi ekonomikoa
LAB sindikatuak adierazi duenez, Gobernuak eskubide sozialekin negozioa egin nahi du, "gutxien dugunoi kendu eta gehien dutenei emanez". Hala, "Espainiarekin hondamendi ekonomikora goazela", adierazi dute.
Neurriek ez dute ezer konpontzen
Sindikatu honen arabera, frogatuta dago ezartzen dituzten neurriek ez dutela ezer konpontzen. Neurri hauek krisi aurretik elite finantzari eta ekonomikoek diseinaturiko eta planifikaturikoak direla esan dute.
Hartu beharreko erabakiak
Horren aurrean, LAB sindikatuaren arabera, hartu beharreko hiru erabaki politikoak honakoak dira:
- Neurriak ez aplikatzea
- Iruñea eta Gasteizko Gobernuek aurrekontu publikoetan hartutako neurriak atzera botatzea
- Plan politiko eta instituzional berria eta osoa eratzea.
Plan politikoaren lau ardatzak hauek lirateke:
- Zerbitzu publikoak indartu
- Justizia fiskala
- Euskal sistema finantza publikoa eratu
- Bizi baldintza duinak bermatu