Kubaren aurkako blokeoa salatzeko Kubatar jaialdia gaur Gaztetxean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2012ko uztailaren 26a

Gaur uztailak 26, egun esanguratsua da kubatarrendako edo Kubako Iraultzan sinisten dutenendako; 1954ko uztailaren 26an Fidel Castrok gidaturik, Kubako gerrillari iraultzaileek Moncadako kuartela eraso zutela gogora ekarriz.  Aurtengo ospakizunek baina, salaketa helburua dute bereziki, aurten beteko dira-eta, 50 urte, AEBk Kubaren aurkako blokeo ekonomikoa ezarri zuela. Hori horrela, hainbat dira blokeoa salatzeko, abian jarritako kanpainak edo ekintzak. Arrasateko Askapena elkarteak ere mundu mailako salaketa horrekin bat egiten du, eta besteak beste,  gaur arratsaldeko 7etatik aurrera  Kubatar jaia egingo du Gaztetxean.

Arrasateko Askapena elkartetik helarazitako eskutitzean diote, “blokeoa 1960tik aurrera (neurri txikiago batean) ezarri zuten arren,, Kennedyk osatu zuela 1962an. 1992 eta 1996an, Bush eta Clinton-en agintaritzan, lurraldez kanpoko neurriak erantsi zitzaizkiotela; eta debeku ekonomikoa, finantzazkoa eta merkataritzari dagokiona ez dela mugatzen Kuba eta EEBB-en harremana moztera, baizik eta beste herrialdeetako herritar, erakunde eta enpresei jazartzen zaiela, Kubarekin inolako merkatal, zientzia edo finantza harremanen bat abiatzen dutenean”. Gutunean gaineratzen dute, “blokeoak Kubaren esparru ekonomikoa murrizten duela eta eragozten diola uhartearen garapenerako ezinbestekoak diren lehengaiez hornitzea”.

Horrexegatik guztiagatik eta “Kuba Inperioaren aurreko duintasun eta errebeldia erakusle handiena delako”, Askapenetik elkartasun osoa adierazi nahi diote, eta EEBBk ezarritako blokeoa berehala eta betiko bukatzeko exigitu.

Hori horrela, Arrasateko Askapenak herritarrei gonbidapena luzatu gura die, arratsaldeko 7etatik aurera Arrasateko gaztetxean egingo duten Kubatar jaialdirako; mojitoa, musika dantzagarria eta argazki erakusketa, besteak beste, antolatutako egitarauan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak