Duela 15 egun hasi ziren ekintzarekin eta 100dik gora pegatina jarri dituzte dagoeneko. "Hainbat urte pasa eta gero berriro heldu diogu orduko ekintzari, azken asteetan ikusi dugulako ugaritu egin direla gaztelera hutsez dauden oharrak: autonomoen zerbitzu-eskaintzak, kanpoko ikuskizunen kartelak eta bertako ostalarien oharrak dira horren adibide", adierazi du Itxaro Artola AEDko arduradunak. Auzo bateko jai egitaraua gaztelera hutsean argitaratu izana ere salatu du.
"Euskaraz ez jakitea ez da aitzakia"
Artolak gaineratu du ostalariei gutunak bidali dizkietela: "Erakusleihoetan ez dugu pegatinarik jarri. Ez dugu arazorik sortu nahi baina argi dugu gai horrek lanketa behar duela. Ostalariengana gutun bidez, pertsonalki edo beste bide batzuk erabiliz jarri gara edo jarriko gara harremanetan".
Izan ere, herritarrei informazio euskaraz helarazteko euskaraz jakitea ez da aitzakia, AEDren ustez: "Euskara jakitea ez da aitzakia gaur egun. Bideak badaude, doakoak direnak. Ez dago zertan itzulpen zerbitzurik kontratatu behar: hor daude Udal zerbitzuak eta bestela, gu ere prest gaude laguntzeko".