Luciano Iturrino (Mutriku, 1963, azaroak 4) txuri-urdinen harrobian, Zubietan, hazitako jokalaria da. Realeko lehen taldearekin, lehen mailan, 1984-1985 denboraldian egin zuen debuta, 21 urte zituela. 1987an, Espainiako Errege Kopa irabazi zuen Realarekin, Zaragozan.
Bi urte geroago, 1989an, Athleticek fitxatu zuen eta han bi denboralditan aritu zen. 1991n, Logroñesekin fitxatu zuen. Bi urte on egin zituen han. Biak ere Lehen mailan, eta Realera itzuli zen 1993an, baina ez zuen asko jokatu.
Handik Salamancara, Lehen eta Bigarren mailan; gero, Bermeora, Bigarren B mailan eta, amaitzeko, Eibarrera joan zen, azken honekin Bigarren mailan arituz. 2000. urtean, Ondarroako Aurreran hartu zuen erretiroa, berau Hirugarren mailan zela.
Orotara, 261 partidu jokatu zituen Lehen mailan.
Azkeneko urteotan, Athleticen beteranoekin jokatu du Liga Indoorren.
Entrenatzaile Donostian eta Bilbon
Realeko eta Athleticeko harrobietan entrenatzaile lanetan jardundakoa da. Lezamara, Julen Masach-en eskutik heldu zen. Izan ere, 2008an, Masach Athleticeko zuzendari teknikoa zela, Infantilen entrenatzen hasi zen mutrikuarra. Masach bergararra, Realean zela, Iturrinorekin batera aritu zen harrokiko taldeak prestatzen.
Azkenaldian, ordea, Eibarreko gazte mailetan ibili da entrenatzaile modura.