Une zaila tokatu zaizue: krisia, langabezia… Nola zabiltzate?
Buru-belarri gabiltza eredu berria ezartzen, programa eta zerbitzu berriak ematen… Erraza izango zenik ez zuen inork esan. Une zailak dira: gizartearen eta hedabideen ikusmiran gaude egunero, baina nik uste dut lanbidetarrok pribilegiatuta sentitu behar garela, zerbitzu publiko baten eraikuntzan parte hartzea ez dela nolanahiko erronka. Eta aukera aprobetxatu nahi dut eskerrak emateko Lanbideko bulegoetan lan egiten dutenei, bereziki Arrasateko bulegoko lankideei. Langabeen aktibazioan egiten dabiltzan esfortzu galantarengatik harro nago.
Lanbidek kudeatzen du orain Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, RGI delakoa. Hasieran nahaste apur bat egon zen. Dena argitu da?
Pixkana-pixkana. Onuradun guztiek eskutitza jaso zuten, non aldaketa guztia azaltzen zitzaien. Lanbidera zuzenean ez datozen onuradunak gizarte zerbitzuek bideratzen dituzte. Eta, zentzu horretan, Lanbide eta gizarte zerbitzuen arteko kolaborazio protokoloa irailean hedatuko dugu herrialde guztian, bi sistemen laguntzak behar dituzten pertsonen kudeaketan elkarlana jorratzeko.
Orain gutxi aurkeztu duzue orientazio pertsonalizatua. Nola funtzionatzen du?
Zerbitzu eredu berria arreta pertsonalean datza. Orientazio zerbitzua Lanbiderentzat ate nagusia da: prestakuntza eta aktibaziorako balioetan parte hartzeko aukera ematen du. Lan-eskatzailea orientazio eske dator bulegora, eta han orientatzaile bat prest izango du, bere aholkulari gisa lan egingo duena eta bere laneratze-ibilbidean hartu behar dituen erabakiak erraztuko dizkiona. Bien artean, profil profesional bat eta, horren arabera, ekintza plan bat aztertu eta adostu beharko dute. Eta Lanbidek bere konpromisoak garatuko ditu: prestakuntza-ekintzak edo beste aktibazio-programa batzuk eskainiko dizkio.
Lehen bazegoen orientatzailearen figura, Prestakuntza eta Enplegu Zuzendaritzaren mendean zeuden zortzi bulegoetan. Baina orientazioaren zati nagusia kanporatu egiten zen, eta zentro kolaboratzaile sare batek ematen zuen. Orain, ordea, gure 43 bulegoek eskaintzen dute arreta pertsonal hori.
3.600 bat laguni kendu zaie RGI prestazioa, legea ez betetzearren. Zorrotzagoak izango zarete?
Aldaketa nagusia ez da orain errazago iruzurra deskubritu dezakegula, baizik eta erakunde bakar batean bi eskubideak garatzeko aukera ematen zaiela heritarrei: babes ekonomikoaren eskubidea eta lan-aktibaziorako eskubidea. Hedabideetan, iruzurraren kontua azaldu da gehien. Baina azpimarratu behar dut 13.500 onuradun baino gehiago ari direla orientazio zerbitzua jarraitzen gure bulegoetan, eta hori da balio duena.
Lanbidek Internetez ere ematen du zerbitzua. Harrera ona dauka?
Bai, oso ona. Ekainean 242.000 bisitari sartu dira www.lanbide.net webgunean, eta, batez beste, 20 orri bisitatu dute. Egundoko tresna da lana bilatzeko edo lanez aldatzeko ere.
Europako lanpostuen berri ere ematen duzue, Eures sarearen bidez. Ze motatako lanpostuak datoz?
Gehien, ingeniariak eta informatikariak; erizainak ere bai. Batez ere, Danimarkatik, Erresuma Batutik, Frantziatik eta Alemaniatik datoz eskaintzak. Norvegian soldadoreak eskatzen dituzte.
Foru Aldundiak AGI prestazioa emango du. Ze iritzi duzu?
RGIaren ardura duten lankideek diotenez, Foru Aldundiak ez du prestazio berria sortu; izenez aldatutako prestazio bat da. Aurrekontu txikia du, beraz, ez dauka konparaziorik RGIarekin. Bestalde, egia da zenbait behar sozial atendituko dituela, eta zentzu horretan, herritarrei zuzendutako laguntzak beti dira ongietorriak.