Zein da anaiarengandik jaso duzun azken berria?
Bada, gaur bertan [eguena] ospitalera eraman dute biriketan duen edema bat handitu egin zaiolako. Hasieran ez zioten garrantzi handirik eman baina edema handitzen joan ahala burukomin handiak zituela-eta, ospitalera eramatea erabaki zuten. Bestalde, 2005ean ezkerreko giltzurrunean minbizia diagnostikatu zioten eta eskerrak egun gutxira kendu ziotela. Ordutik, kartzela barruan egoteak dakarren ondorioez aparte, bizitza normala egiteko aukera izan duela esan daiteke.
Joan den egubakoitzean estreinatu zen Gaitz Isilduak dokumentala Donostian. Zuk ere hartzen duzu parte, ezta?
Dokumentala grabatzeko gonbidapena jaso nuenean harritu egin nintzen, egia esan. Josuren kasua kontatzeko eskatu zidaten eta hala egin nuen. Gainerako kasuak entzutean ile tente jarri zitzaidan; astakeriak egiten dituzte. Kasuak oso gogorrak dira eta beraz, dokumentala bera ere gogorra da.
Zerbait gaineratzerik nahi?
Beti eskertu izan dugu herriaren babesa eta orain bereziki Udaleko ordezkarien laguntza ere eskertu gura dugu. Ekainean Leonera egin genuen bisitan badakit anaia hunkitu egin zela; halako keinuak oso garrantzitsuak izaten dira.