Txatxilipurdi pozik udaleku irekiekin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko uztailaren 23a

Egubakoitzean amaitu ziren Txatxilipurdiren udaleku irekiak. Ziur gaur haur bat baino udalekuak faltan bota dituela gaur esnatzerakoan. Ez da gutxiagorako, hiru astez denetariko ekintzak eta lagun berriak eginez ederto pasa dutelako.

Agurrarekin behintzat asko gozatu zuten txikiek, oso gustuko duten apar festarekin agurtu zituzten-eta aurtengo udalekuak. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, umeek izugarri gozatu zuten egubakoitzean Jokin Zaitegi plazako apar jaian. Protagonistek hala berretsi zuten, eurendako udalekuetako ekintza gustukoena dela esan ziguten-eta. Gaur ezkero oporretan joango direla edota jolasten jarraituko dutela esan ziguten.

Protagonistei hitza ematen
Mirari Arando Txatxilipurdiko Haurren Saileko arduradunak ere balorazio positiboa egin zigun;: "Ekintza guztiak gauzatu ditugu, eguraldiaren arabera aldaketak egin ditugulako; oso gustura gaude".

Aurtengo udaleku irekien berritasun nagusia izan da haurrei hitza eman dietela: "Ludoteketan proiektu berri batekin hasi gara aurten, umeei hitza ematea oinarri duena. Horretarako batzarrak egin ditugu Lehen Hezkuntzakoekin eta Haur Hezkuntzakoekin, berriz, emozioak eta zentzumenak landu ditugu. Gu emaitzarekin oso pozik geratu gara eta umeak ere gustura ikusi ditugu", adierazi du Arandok.

Haurren iritzia jakinda udaleku hobeak antola daitezke: "Zeresan handia dutela konturatu gara", dio. Gero eta gutxiago falta da datorren urterako!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak