La Banda del Abuelok 'Culo de luciernaga' izeneko bideoa aurkeztu du

Ander Monedero 2012ko uztailaren 20a

Abestiak 'La sed del fuego' lanari hasiera ematen dio eta, bertan, Kutxik eta Sor Kampanak abesten dute.

La Banda Del Abuelo taldeak La sed del fuego hirugarren diskoa zabaltzen duen Culo de luciernaga abestiaren bideoklipa kaleratu du. Arrasatearrek apirilean grabatu zuten bideoa, eta, edizio lanak egin ostean, ekainaren bukaeran eskegi zuten Interneteko Youtube plataforman. Bideoklipa Josu Arteagak zuzendu du, taldeko baxu jole eta abeslariak.

'Crowdfunding' proiektua

Bideoklipa egin ahal izateko La Banda Del Abuelok crowdfunding izeneko sistema erabili du; hau da, grabazioaren aurretik taldearen zaleei dirua eskatu zieten bideoklipeko kredituetan agertzearren. Ekimenak erantzun ona izan zuen; izan ere, grabaziorako alokatu behar zuten kamera digitalerako behar zituzten 690 euro baino gehiago batu zituzten.

Taldearen ideia zaleek 10 euroko ekarpenak egitea izan zen, baina diru gehiago jarri nahi zuenari beste aukera asko zabaldu zizkioten: bideoklipeko kredituetan agertzeaz aparte, taldearen diskografia eta kamiseta lortzeko aukera, edota bideoklipean agertzea.

'Do it yourself' filosofia

2012an La Banda Del Abuelok hamar urte bete ditu. Hamar urte hauetan, taldeak hiru disko eta bost bideoklip grabatu ditu, denak autoekoiztutakoak. Aurreko bi diskoak analogikoan grabatu –La sed del fuego digitalean– eta euren kabuz kaleratu eta banatu zituzten. Egungo musikaren industriaren aurkako jarrera erakutsi dute, eta, haien hitzetan, gizarte kritikaren eta poesia gordinaren aldeko apustua egiten dute.

Ekainaren bukaeran La sed del fuego diskoa Interneten eskegi zuten –Spotify, Grooveshark edo Itunes– eta uztailean kopia fisikoak kaleratu dituzte. Diskoaren kopia nahi duenak prorebelmusik@gmail.com helbidera idatzi behar du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak