Blas Cruz: "Sanferminetako entzierroetan, zezenek baino gehiago, jendeak ematen dit beldurra"

Maialen Regueiro 2012ko abuztuaren 23a

Blas Cruz (1981) arrasatearra da, eta ez dauka zezen baten aurrean jartzeko arazorik. Izan ere, 12 urte darama errekortadore gisa. Euskal Herriko Errekortadoreak taldeko kide da, eta Euskal Herriko hainbat herritan ibiltzen dira. Horrez gainera, sanferminetako entzierroetan ere parte hartzen du.

Nondik datorkizu zezenekiko zaletasuna?

Betidanik gustatu izan zaizkit zezenak. Gure aitari ere gustatzen zaizkio, eta garai batean irteten zen korrika egitera. Ni txikitan harekin joaten nintzen zezenak ikustera, eta, agian, hortik datorkit zaletasuna.

Zezenaren aurrean zaudenean zer sentitzen duzu?

Oso zaila da azaltzea. Zezena nola ateratzen den ikusten duzunean, era batera edo bestera sentitzen zara. Dena den, guk egin behar dugun guztia planifikatuta daukagu. 

Izan al duzu esperientzia txarrik zezenekin?

Esperientziak, normalean, onak izaten dira. Egia da beti daudela kolpeak eta lesioak, baina inoiz ez dut zaletasun hau alde batera uzteko esperientzia txarrik izan. Duela gutxi, adibidez, lagun bat hil zen zezenak harrapatu ostean. 

Aurtengo sanferminetan ere izan zara. 

Bai. Lehen, bigarren eta azken entzierroetan hartu nuen parte; asteburuetakoan, alegia. Izan ere, lanaren ondorioz, ezin izan dut gainontzeko egunetan joan. 

Zer moduz aurtengo entzierroetan?

Ondo. Lehenengo bi egunetan oso ondo, zezen-plazara iritsi bainintzen zezenekin batera. Azkenengo entzierroan, aldiz, lurrera erori nintzen eta ez nuen zezenen aurrean jartzeko zorterik izan. 

Nolakoak dira sanferminetako entzierroak barrutik?

Beldur handia dago, gertatuko dena ez baitago zure esku. Zezenek ez didate beldurrik ematen, baina bai jendeak, jende asko ez baita sartzen gozatzera, baizik eta sartze hutsagatik. 

Nola janzten zara sanferminetako entzierroetan parte hartzeko?

Niri tradizioa jarraitzea gustatzen zait, eta, hori dela eta, beti zuri jantzita joaten naiz. Nire lagun batzuk, aldiz, beste kamiseta batzuekin joaten dira, baina ni ez. 

Jende asko entzierroetan, ezta?

Asteburua edo asteguna izan, beti jende asko egoten da entzierroetan. Pena da; izan ere, jende asko ez da sartzen korrika egitera, baizik eta beste sentsazio batzuk bizi izatera, eta pertsona horiek, azken batean, guri traba egiten digute. 

Nola entrenatzen zarete?

Zezenen aurrean korrika egiteko, mendira joaten gara, korrika egiten dugu. Azken batean, atleta batek egiten duen entrenamendu bera egiten dugu. 

Plazera al da zuretzat errekortadore izatea?

Bai. Azken finean, betidanik izan dudan zaletasuna da. Izan ere, nik nire lana daukat, eta hau zaletasuna da. 

Errekortadoreentzat uda sasoia ona izaten da.

Bai, orain topera gabiltza, garai honetan herri askotako jaiak ospatzen baitira. 

Nolakoak dira Euskal Herriko zezen-plazak?

Euskal Herrian, egia esan, geroz eta zaletasun handiagoa dago. Niri asko gustatzen zait hemen ikuskizuna egitea, baina Nafarroa, Errioxa eta Espainia aldera ere joaten gara ikuskizunak egitera. 

Nola daukazu agenda udarako?

Beteta, egia esan. Asteburu honetan, adibidez, Ordiziara joango gara ikuskizuna egitera. Hurrengo astean, berriz, Gasteizera joango gara. Gasteizko jaietan ere egunero egongo gara, goizetan egiten diren entzierrotan.

Zezenek sortu duten polemikarekin ados al zaude?

Niri debekuak ez zaizkit gustatzen eta iruditzen zait gai hau politikarekin larregi lotu dutela. Nire ikuspuntutik, erabakiak hartu aurretik herritarrei galdetu beharko litzaieke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak