Uztailaren 2an hasi zen eta bihar amaituko da Lezetxikiko indusketen aurtengo kanpaina, dagoeneko hamazazpigarrena izan dena.
Alvaro Agirrezabalaga Aranzadi elkarteko arkeologo eta Lezetxikiko indusketen arduradunaren esanetan, kanpaina oparoa ari da aurtengoa: duela 170.000 urteko mailak aztertzen dabiltza, eta giza eta animalien arrastoak aurkitu dituzte. "Gehienbat hartz espezie berezi baten hezurrak aurkitu ditugu, gero Espeleus hartza bihurtuko den espezie berezi batenak. Horiekin batera baita ikatz pila bat ere, hemen gizakiek sua egiten zuten seinale; tresnak ere aurkitu ditugu" dio indusketen arduradunak.
Arrizabalagak zehaztu du baina, animalien eta gizakien arrastoak aurkitu dituzten arren, ez zirela Lezetxikin elkarrekin bizi izan. Duela 10.000 urtera arte Deba ibarrak, eta bere barruan Lezetxikik, izandako garrantzia ere azpimarratu du, bertatik pasatzen ziren-eta Europatik iberiar penintsulara sartu gura zutenak.
Alkateak ere, balorazio positiboa
Arrasateko udaleko zinegotziek urtero izaten dute Lezetxikiko indusketak bertatik bertara ezagutzeko aukera, eta horrelaxe egin dute gaur. Inazio Azkarraga-Urizar alkateak ikusitakoaren balorazio oso positiboa egin du eta gaineratu du babestu eta bultzatu beharreko beharreko indusketak direla. "Ikusten da egindako lana ona izan dela, eta bide horretatik jarraitu behar dugu" gaineratu du alkateak.
Oraindik ere badago lana
Maila ezberdinetan dauden eta artea, historia edo geologia bezalako ikasketak burutzen ari diren 20 ikaslek hartu dute bataz beste parte aurtengo indusketetan, Euskal Herritik bertatik zein Salamanka edo Bartzelon bezalako tokietatik etorritakoak. ikasleak ere gustura agertu dira esperientziarekin; horixe da historiako bigarren maila egiten ari den Aitor Juaristi arrasatearraren kasua: "Oso gustura ari gara, lan polita da, gogorra baina gustura egiten duguna".
Alvaro Arrizabalagaren esanetan, beheko haitza jo eta maila arkeologiko gehiago ez dagoela ikusten dutenean emango dituzte amaitutzat Lezetxikiko landa lanak. Dena den, Arrizabalagaren esanetan badirudi puntu horretara heltzeko falta dela oraindik: "Gure zorionerako gertatzen dena da aztarnategiak informazio ugari ematen duela; gero eta beherago joan, txikitu beharrean zabaldu egiten da aztarnategia. Ez dut kalkulatzen hiru urte baino gutxiago geratzen zaizkigunik".
Gauzak ondo bidean beraz, datorren artean berriz ere itzuliko dira Lezetxikira lur geruzen azpian dauden antzinako arrastoak azaleratzera.