Gaixotasun larriak dituzten presoen egoera "zinez larria" delako, zerbait egin dezakeen ororen ateak jo gura ditu Herrirak: "Gaixotasun larriak dituzten presoen egoera zinez larria dela uste dugu. Horrela adierazi digute mediku txostenek, eta horrela baieztatzen digute astero bisitan joaten zaizkien senide eta lagunek. Egoera hau luze baino lehen konpondu beharrekoa dela uste dugu, eta bide horretan zerbait egin dezakeen ororen ateak jo nahi ditugu Herriratik, gizatiarra ez den egoera hau gainditzeko benetako urratsak eman ditzagun denon artean".
Madrilera eta Arabara
Madrilen izan dira Herrirako hamalau kide, gaixo dauden preso politikoen truke beraien burua eskainiz. Horrekin lotuta eta, eskaera hori atzera bota ondoren, Arabako espetxe berriaren aurrean egon dira hamalau orduz: kandelekin hurbildu dira gauez, bereziki Txus Martinen eta oro har hamalau lagun horien egoera larriaz ohartarazteko.
Ekimen horien inguruko balorazio "ona" egin dute Herriratik, helburua lortu ez arren oraindik, "egoera horien urgentzia mahai gaineratzeko baliagarriak" izan direlako. "Urrats zein ekimen txiki ezberdinen batura izango da helburu hauek betetzera eramango gaituena, eta azken hauek bide horretan lagundu dutela uste dugu", adierazi dute.