Josu Uribetxeberria preso arrasatearraren inguruko testigantzak dokumental batean

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko uztailaren 19a

Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen gaineko dokumentala aurkeztuko du Etxerat-ek, bihar, egubakoitza, Donostian. Larri dauden hamalau presoren familien testigantzak jaso dituzte, presoek eta senitartekoek bizi duten errealitatea islatu nahian. Hamalau horien artean, Josu Uribetxeberria preso arrasatearraren senitartekoena. Hain justu ere, haren anaia Jabi ageri da filmean.

Gaitz isilduak da dokumentalaren izenburua. Egubakoitzean aurkeztuko dute Donostiako Koldo Mitxelenan, 12:00etan. "Hamalau gaixotasun dira, hamalau egoera, hamalau bizipen", dio Etxerat-ek, "baina preso guztiek zerbait dute komunean: larri gaixorik egon arren espetxean jarraitzen dutela".

Etxerat-ek dionez, hamalau kasu hauetan "presoen oinarrizko eskubideak urratuak izaten ari direla ikusten da, eta senideek egoera hauen aurrean sentitzen duten ezintasuna antzeman daiteke".

Minbizia

Josu Uribetxeberriari 2005eko apirilean neurri handiko tumore bat detektatu zion urologoak ezker aldeko giltzurrunean. Urte bereko maiatzean zenbait froga egin zizkioten Cadizeko Puerto Realeko Ospitalean, eta ezkerraldeko giltzurrun neoplasia (minbizia) bat diagnostikatu zioten. 2005eko ekainaren 9an, berriz, ezkerreko giltzurruna kendu zioten (nefrektomia); ondorioz, bizi arteko koterola eta tratamendua beharko du.

Josu Uribetxeberria preso arrasatearra bisitatzera Leonera, Mansillako kartzelara, abiatu zen ekainaren 9an Arrasateko udalbatzaren ordezkaritza bat. Egun horretan manifestazioa ere egin zuten Arrasaten.
Dokumentalaren trailerra sarean da. Etxerat elkarteak zuzendu du. Hemen jaso dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak