Mondra: egoera zuzentzen hasi da

Xabier Urtzelai 2012ko uztailaren 18a

Otsailaren 7an Mondraren zuzendaritza hartu ostean, egungo Mondrako batzordeak atzo izan zuen lehenengo batzar orokorra. Eta gauzak beltzetik zurira pasatu dira. Batetik batzarrak izan zuen normaltasunean, eta bestetik batzordekoek datu ekonomikoak azaltzerakoan erakutsitako gardentasunean. Ez dago miraririk, Mondrak zorrekin jarraitzen du, baina zor horiek bideratuta daude dagoeneko.

Zuzendaritzako batzorde berriak egin duen lehenengo gauzetako bat izan da zor txikiak kitatu, eta kantitate handienak bi multzotan pilatu. Batetik, autobus enpresarekin duten zorra hiru urtetan kenduko dute, urtero 5.000 euro ordainduta. Eta bestetik, Udalarekin akordioa lortu dute zorra zazpi urtetan ordaintzeko, urtero 2.500 euro inguru ordainduta –azken ordainketa likidazioa izango da. Udalarekin akordioa lortu izana garrantzitsua da, batetik AUKEArekin zituzten zorrak zeudelako, eta bestetik Mondra tabernak urte hauetan pilatutako multak.

Diru sarrera garrantzitsuak

Bestalde, otsailetik hona Mondrak diru-sarrera garrantzitsuak izan ditu, eta horri esker zorraren kantitatea txikitu ahal izan dute. Hala, otsailetik hona Mondrak 3.000 euroko irabaziak izan ditu (51.212 euroko gastuak eta 54.218 euroko sarrerak). Uztailean bertan jasoko dute 4.700 euro Realetik, Mikel Gonzalez lehen taldera iritsi izanagatik jaso beharreko kantitatearen azken zatia (Guztira 15.000 euro). Eta, beste 6.000 euroko diru-sarrera izan zuten Athleticen eta Bartzelonaren Kopako finalean egoteko zozketatu ziren sarrerei esker. Ardo eta Gazta egunak ere dirua eman zuen, eta Udalak 7.400 euro emango dizkio Mondrari emakumezkoek 25. urteurrenean egin dituzten ekimenak tarteko. Hala, positiboa da, baita ere, Mondraren eta Udalaren arteko harremana erabat normalizatu izana: "Orain momentuan Mondrak 40.000 euroko zorra izango du, baina hil honen amaieran 10.000 euro ordaindu ahal izango ditugu, eta gutxigorabehera, 30.000 euroko zorrarekin geratuko gara".

Erregionaleko taldea desagertu egingo da

Kirol arloan, hartu beharreko neurrietako bat izan da erregional mailako taldea kentzea. Hori ez da albiste positiboa, baina zuzendaritzako ordezkariek erabaki dute talde horrek sortzen dituen gastuak handiak direla, eta harrobi-lanari ez ziola aparteko ekarpenik egiten. Talde nagusiak txiripaz jarraituko du ohorezko erregionalean, berez, berdegunean maila galdu zutelako. Taldea indartzeko ekarri ziren jokalariek ez dute Mondran jarraituko, eta Mikel Gartzia atezainak, eta taldeko kapitain Kepa Mercaderrek taldea utziko dute. Horrekin batera, baina, Arrasateko taldera etorriko dira Oier Zabaleta (Aloña), Jon Zabaleta (Elgoibar) eta Josu Oleaga (Eibar). Bestalde, entrenatzaile berria fitxatzeko lanetan dabiltza zuzendaritzakoak, eta datozen egunetan jakingo dugu haren izena.

Ehun urte, herritarren proposamenekin

Mondrarendako urte garrantzitsua izango da hurrengoa, talde zuri-moreak 100 urte beteko dituelako. Irailean bertan urteurrena antolatzeko lanean hasiko den taldea osatu nahi dute, eta batzarrean garbi utzi zuten herritarren proposamenak gustura jasoko dituztela.

Amaitzeko, bazkideek ordaindu beharreko kuotak ez dituzte aldatuko, 70 euro izango dira, baina klubak ahalegina egingo du bazkide kopurua handitzen. Jokalari gazteen gurasoak bazkide izatera behartuta egongo dira; eta bestetik, 18 urtetik gorako jokalari eta entrenatzaileak ere bazkide egingo dituzte.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak