Mozioen artean EAJrena bozkatu dute lehenengo: EAJk eta PSE-EEk alde (8) eta Bilduk kontra (10) bozkatu dute. Bozketa aurreko eztabaidan zehar Iraia Sola Bilduko bozeramaileak EAJri arlo ezberdinak nahastea leporatu dio: "Gezurra da zabortegi batzuk itxi eta beste berri batzuk eraikiko direla: hondakindegiak zabalduko dira, ez egungo zabortegi eredua. Zuek mozioan aipatzen duzuen moduan, hondakindegi hauek espazio degradatuetan egitea planteatzen da, harrobietan batez ere. Horrek ahalbidetzen du espazio horiek berreskuratzea eta ingurumen inpaktua gutxitzea".
Jeltzaleek ez dute horrela ulertzen; honakoa adierazi zigun Juan Karlos Garitanok osokoaren aurretik: "Joan den hilean Bilduk atera zuen plan bat birziklatu ezin daitezkeen zaborrak fardo batzuetan bildu eta gero leku degradatuetan lurperatzeko. Leku horien artean daude harrobiak eta meategiak eta guk ulertzen dugu hori beste zabortegi sortzea izango zela. Bestalde, neurri horrek ekar ditzakeen ondorioak daude. Hondakinak kontrolatuta eta egonkortuta egon daitezke baina Kataluniako esperientzia bat oinarri hartuta desegokia dela argi dago; usain handia uzten du hainbat kilometroetara eta hangoek ez dute egoera hori onartzen. Izan ere, guk Arrasaten ditugun harrobi eta meategiak babestu gura ditugu eta udal Gobernuari ere hori egiteko eskatzen diogu".
Garai: "120 urte inguru daramate bizirik, euren heriotz-egiaztagiririk ez dagoelako inon"
Bigarren mozioa Frankismoaren krimenen gaineko izan da: Bildu eta EAJk (14) alde bozkatu dute eta PSE-EE abstenitu egin da, memoria historikoa errekuperatzeko baliabideak jasotzen direla egun Espainian, Memoria historikoaren legearen eta Memoriarako institutuarekin.
Gero Juan Ramon Garaik hartu du hitza, mozioa aurkeztu duten elkarte eta eragileak ordezkatuz. Fusilatuak izan zirenak heriotz-egiaztagiririk ez dutela gogorarazteaz gain, besteak beste, alderdi sozialistak erakutsi duen jarrera salatu du: "Zer izan zen Memoriaren Legea delakoa? Zuen alderdiak aurpegia garbitzeko tresna besterik ez zen izan. Zergatik Garzon epaileak erabaki zuen 1936tik 1952ra arteko kasuak bakarrik epaitzea? Bada, krimenak egin zituzten gehienak hilda zeudelako".
Arrietak gogor erantzun ditu salaketok. Demagogia egitea egotzi dio Garairi eta bere alderdiko hainbat kide Frankismoaren biktimak izan zirela gogora ekarri dio: "Barkamena eskatu beharko zenuke. Zuk Arrasateko kasu batzuk aipatzen dituzu baina Andaluzia, Extremadura eta Espainiako beste hainbat txokotan ere torturatu eta fusilatu zituzten gure alderdiko kideak eta euren senitartekoak. Horiengatik egin behar al duzu ezer?". Luze joko zuela eta adostasunik izango ez zela ikusita, alkateak moztu egin du eztabaida.