Hasi dira Axerikoa zubia botatzen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko uztailaren 16a

Gaur hasi dira Axerikoa edo San Isidro zubia botatzen. Obra arduradunak adierazi zuenez, lehergailuak erabili barik, mailua duen makina batekin, ari dira zubia botatzen. Eraikiko duten berriak ez du arkurik izango: "Zulo hutsa izango da, ura azpitik pasa dadin". Atzerapenik ezean, abendura arte luzatuko dira lanak.

Eusko Jaurlaritzako ur agentziak sustatu ditu lanak. Oraindik zutik dagoen zubia bota eta berria egingo dute uholde arriskua ekiditeko. Zubia botatzearen kontra azaldu da Arrasate Zientzia elkartea, duen balio historikoagatik; XVIII. mendekoa izan daitekeela diote. Ur agentziako proiektuaren teknikari arduradunari, telefonoz zein idatziz, zubi horrek balio historiko handia duela jakinarazi zioten aspaldi. Gasteiz eta Irun arteko errege-bideko zatia dela, eta Arrasatek gordetzen duen zubi zaharrenetariko bat dela.

Harriz harri eraisteko eskaera

Arrasate Zientzia elkartekoen arabera, askotan eraberritu dute zubi historiko hori, jatorrizko egitura errespetatuz, baina zubia botako zutela jakin zutenean eskaera egin zioten Jaurlaritzari: arrasatearrei zubia osatzen duten harri guztiak itzultzeko eskaera egin zuten. Arantza Otaduy elkarteko kideak adierazi duenez, ez dute erantzunik jaso: "Eskaera egin genuen baina ez dakigu ezer, ez digute erantzun. Arrasateorrandako galera historiko handia izango da".

Axerikoa eraisten den azken zubia izatea espero dute, ondarea historiko eta kulturala ondo zaindu beharreko gaia dela uste dute-eta: "Babestea eta balioestea merezi duen ondarea behar bezala zainduta egongo balitz primeran integratuko litzateke gurea bezalako puntako herri teknologikoarekin", diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak