Zapatuan, uztailak 14, ez zen izan inongo atsedenik Zaldibarren, 24 orduko Futbito Txapelketa ospatu baitzen. Aurtengo edizioan 19 taldek parte hartu dute, gero eta ezagunagoa bilakatzen ari den txapelketan. Gainera, futbol denboraldia amaiturik, federatutako jokalari askok parte hartu zuten. Lehenbiziko partiduak goiz partean jokatu ziren, 9:00etan zuten jarrita hitzordua. Aurreko urteetan bezala, aurtengoan ere hasierako fase bat jokatu zuten ekipo guztiek, talde ezberdinetan banatuta. Lehendabiziko partidu horietan lortutako emaitzen eta sailkapenaren arabera, ondoren kanporaketak jokatu zituzten.
Jende dezente gerturatu zen Zaldibarrera goizeko lehenengo ordutik, eta bertan sortutako giroa, bikaina izan zen. Txapelketa osoan izandako kiroltasuna eta giro ona azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek.
HLB 108 txapeldun
Finala, domekan 07:00 inguru jokatu zen eta HLB 108 taldea atera zen garaile, Susitos Weah taldeari 4-0 irabazi ostean. Talde biak oso lehiakorrak zirela erakutsi zuten arren, HLB 108 taldeak txapelketa modu erosoan irabazi zuela esan daiteke. Izan ere, ez zuen partidu bat bera ere galdu txapelketa osoan.