"Lan istripu gehiagorik ez" lelopean, elkarretaratzea astelehenean Arrasaten

Goiatz Arana Begiristain 2012ko uztailaren 14a

LABek elkartasuna eta babesa adierazi die eguenean AHTko lanetan Arrasaten hildako beharginaren senide eta lankideei. Sindikatuaren esanetan, "langileek pairatzen dituzten baldintza kaskarretan dute oinarria horrelako gertaerek, are gehiago eraikuntzan, hitzarmen sektoriala eta probintziala betetzeari uko" egiten diotelako. Aldaketak mobilizazioan eta borrokan datzala gaineratu eta elkarretaratzea deitu du astelehenerako, uztailak 16, 11:30ean, Arrasateko Herriko plazan, ELA, HIRU, EHNE eta STEE-EILAS sindikatuekin batera.

Azken urteotan sei langile hil dira AHTren lanetan: lehendabizikoa 2008an izan zen, Lukun; 2010ean bi langile hil ziren, bat Eskoriatzan, leherketak egiteko erabiltzen duten materialak ustekabean eztanda egin ondoren, eta bestea Duranan; eta 2011n beste bi behargin zendu ziren, Antzuolan eta Tolosan.

"Garai hauetan gastu publikoa minimoetara murrizten ari dira, arduraz jokatzeko eskatzen dute, baina Abiadura Handiko Trenaren obrekin guztiz kontrako jarrerari eusten diote: behin eta berriro errepikatzen dute aurrera eramango dituztela, kosta ala kosta, baita aurreikusitakoa baino diru gehiago behar bada ere. Hemen inporta den bakarra negozioa da, ez besterik", salatu du LAB sindikatuak.

Astelehenean, 11:30ean, Arrasateko Herriko plazan

LAB, ELA, HIRU, EHNE eta STEE-EILAS sindikatuen esanetan, aldaketak mobilizazioan eta borrokan datza. Horregatik, kontzentrazioa deitu dute astelehenerako, uztailak 16, 11:30ean, Arrasateko Herriko plazan. "Egungo politikek eraginda osasunean jasandako galerak eta langileen heriotzak" salatuko dituzte, Lan istripu gehiagorik ez lelopean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak