Goikobalu, Turinerako prest

Maider Arregi 2012ko uzt. 13a, 13:04

Urduritasun eta ilusio egunak ari dira bizi izaten Goikobaluko gazteak. Izan ere, uztailaren 31tik abuztuaren 5era abesbatzako 13 kide Italiara, Turinera, joango dira Europa Cantat jaialdi ezagunaz gozatzera.
Maletak egiteke dituzten arren, Bilbo-Milan hegaldia hartzeko prest daudela kontatu digute Goikobaluko neskek Goienara egin diguten bisitan.


Jaialdia Europako herrialde desberdin batean egiten da hiru urtean behin; aurten Turinen egingo da. Mundu osoko kantariek, abesbatza zuzendariek eta musikagileek parte hartzen dute antolatzen diren 50 tailerretan. Arrasatetik 14 eta 17 urte bitarteko kantariak joango dira Rakel Murgiondo Goikobaluko zuzendariarekin. Bertan, izpiritual beltzen gospel tailer batean parte hartuko dute. Tailer horietan, estilo askotariko musika lantzen da: klasikoa, folka, popa, rocka, gospela, musikalak… "Koru moduan bazoaz, kontzertu bat eman behar duzu jaialdian eta selekzio bat pasatu, baina, gure taldetik 13 bakarrik goazenez, ez gara abesbatza moduan arituko. Nahiz eta talde moduan izena eman dugun, ez gaituzte selekzio batetik pasatu, zuzenean gospel ikastarora sartu gaituzte", nabarmendu du Murgiondok.
Graves-en gidaritzapean
Gazteek oso gustuko dutela gospela esan digute eta Ameriketako Estatu Batuetako Denise Graves izpiritual aditua izango dutela irakasle Italiako egonaldian kontatu digute. "Oso pozik gaude, esperientzia berria da, eta atzerrian, gainera. Gospel estiloko ikastaroan parte hartuko dugu, eta musika hori gustuko dugu; baina, era berean, urduri samar gaude, ingelesez moldatu beharko dugula eta irakaslearekin. Ezezagunekin abestea ere erronka izango da guretzako", diote neskek.
Zuzendariak kontatu digu lehen aldia dela horrelako aukera aprobetxatu eta atzerrira joango direna: "Neuk animatu ditut. Entzunda eta irakurrita neukan oso esperientzia polita zela, eta urtero aukera pasatzen uzten nuen. Aurten, beste edozein arrazoi berezirik gabe, animatu nintzen antolaketari ekitera eta gazteak animatzera. Ez dut aurrez joan den beste abesbatzarik ezagutzen hemen", dio Murgiondok.
Kantatzeko orduan, besteak beste, segurtasun handiagoa izaten ikasiko dutela dio. Etxeko lanak eginda joango direla azaldu digu: "Sei partitura landuko ditugu aurrez, Turineko musika-denda baten bitartez lortu ditugu-eta. Beste biak inprentaz kanpo omen daude, eta antolatzaileak noiz bidaliko zain gaude". Dena prest izateko, azken entseguak egiten dabiltza asteon. Bidaiak asko irakatsiko diela diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak