Abiadura Handiko Trenaren obretan langile bat hil egin zen atzo Gesalibar auzoan. Antonio Alvarez Rodriguez, 55 urtekoa, Zamorakoa. Madrilen egoitza duen Tierra Armada S.A. enpresan lanean ziharduen.
Aramaio-Arrasate zatiari dagokion lanetan ziharduen, Atxetarriko tunelaren ahoan, ezbeharra gertatu zenean.
Ertzaintzaren arabera, 40 tonako hormigoizko pieza bat erori zitzaion gainera, dobela delakoa. 15:45ean gertatu zen istripua. Hasiera batean, helikopteroa bidali behar zuten, zaurituta zegoelakoan. Baina hilda zegoela jakin zutenean, bertan behera utzi zuten.
AVE Mondragon Aldi Baterako Enpresen Batasunari dagokio obra-zati horren ardura. Cavosa-Sacyr-Amenabar enpresek osatua da.
AHTko obretan, Euskal Herrian, hiltzen den seigarren pertsona da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bere "samina adierazi" du, eta "elkartasuna helarazi" die hildakoaren senitarteko, lagun zein lankideei.
AHTaren aurkako kordinadorak, bestalde, "Arrasaten AHTaren eraikuntza lanetan ari zen beste langile baten heriotza salatu" du.