Maialen Axpe mundu mailako atleta onenekin lehiatu da Bartzelonan egiten dabiltzan junior mailako atletismo txapelketan. Goizean izan du kanporaketa fasea, eta 3.85eko saltoa eginda ezin izan du finaletara sailkatu –zapatuan izango dira finalak–. Pentsa, martitzeneko entrenamenduan 4.10eko saltoa egin zuen, eta gau 4.05eko saltoa egin duena finalera joan da. Baina, halakoxea da atletismoa, benetako salto on bat egiteko elementu askok egin dute bat, eta ez da gaurko kasua izan. Jonathan Perez, Maialenen entrenatzailea ere penatuta zegoen, ondo dakielako Maialen zer egiteko gauza den: "Maina joan den astean Arrasaten min hartu zuen, eta egun hauetan errenka ikusi dut. Pistan ez da benetako Maialen izan, baina halakoetatik ere mordoa ikasten da. Bera pozik ikusten dut, eta hori ikusita, ni ere pozik geratzen naiz".
Salto hori eginda, sailkapen orokorrean 24. postuan geratu da Bedoñakoa: "Beno, mundu mailako rankingean Maialen 32. postuan zegoen, eta orain 24. postuan geratu da. Aurrera-pausoa egin du".
Datozen egunak ondo gozatu nahi ditu Maialenek: "Zapatuan izango dira pertikako finalak, eta ez dut hitzordu hori galtzeko asmorik!", zioen barrez. Abuztuan, berriz, atletismo kontuak alboratu eta atseden hartzeko asmoa du, merezitako oporrak hartu. Astelehenean, Harmailatik saioan izango dira Arrasateko pertigistak (21:30).