Gaixotasuna diagnostikatu ziotenetik tratamenduan dago eta burua erne eta esna mantentzea da haren helburu nagusia. Idaztea da hori lortzeko topatu duen bideetako bat, eta orain, egindako esfortzuaren ordainsaria jaso du.
Leioako Udalak antolatzen duen Ni Gaztea Nintzenean narrazio lehiaketara aurkeztu da aurten, eta 56 urtetik gorakoen kategorian bigarren saria lortu du.
'Recuperar mi juventud'
Segoviako Melque de Cercos herrian jaio zen Mari Carmen Lopez, baina gaztetan Arrasatera etorri zen bizi izatera. Recuperar mi juventud da lehiaketara aurkeztutako idatziari ipini dion izenburua, eta, hain justu, horixe da egiten duena, bere gaztetako oroitzapenak eta bizipenak berreskuratu: "Nire bizitzaren gaineko gorabeherak kontatzen ditu. Nire bizitza ez da batere erraza izan, lan asko egin behar izan dut. Aita 48 urterekin hil zen eta ni 9 anai-arrebaren artean nagusiena nintzen". Bada, anai-arrebak entretenitzeko kontatzen zizkien ipuinak ere aipatzen ditu bi orriko idatzian.
Otxandio, inspirazio iturri
Otxandioko zaharren egoitzan zegoela hasi zen Lopez idazle lanetan: "Beti gustatu izan zait idaztea, baina Otxandion egon nintzenean ohean ordu asko pasatu behar nituenez, alabari esan nion koaderno txiki bat erosteko. Balkoia zabaldu eta jendea aurrera eta atzera ikusten nuen. Oso giro atsegina zen eta idazten hasi nintzen. Horrelaxe bete nituen bi orriak".
Biloba txikien laguntza
Aretxabaletako egoitzan dago egun, eta, egoitzan bertan ipintzen dizkioten ariketez gain, bilobek ere lan handia ematen diote burua erne mantentzeko: "Bi bilobek eskolako etxeko lanak ekartzen dizkidate askotan, eta sudokuak ere bai. Eta, jakina, horrek asko pozten nau".
Hurrengora begira
Jaso berri duen sariak motibatu egin du, eta idazten jarraituko duela esan digu. Are gehiago, dagoeneko pentsatuta dauka hurrengo ipuinaren gaia: "Nire jaioterriaren inguruan idatziko dut. Segoviako herri txiki batean jaio nintzen, baina nik handi bilakatu dut. 40-60 etxebizitza ditu, baina nik idatziko dut 250 dituela".
Bizi izaten ari den esperientziarekin, bere egoera berean daudenei esan nahi die oso garrantzitsua dela norbera aktibo eta bizi mantentzea, eta baita burua ere.