Hain zuzen ere, herritarren inplikazio horrek berorrek "herrian azokaren gainean dagoen kezka islatzen du. Baita hura biziberritzeko dagoen gogoa ere", adierazi dute.
Ohiko azoka, baina berritutakoa
Azoka biziberritzeari dagokionez, berriz, azpimarratu dute orain arte egindako lanak erakusten duela "ohiko azoka ereduaren eraberritzearen eta gaukotzearen bidetik etorriko" dela. "Nekazarien, postuen eta anbulanteen ohiko jarduerei ildo berritzaileak gehituz, egun zabaltzen ari diren elikaduraren eta osasunaren kezkei alternatibak eskainiz, eta bertako kontsumoa egiteko aukerak eta ordutegiak zabalduz".
Zentro komertzial handien alternatiba
Ildo beretik, herriko azoka "ohiko zentro komertzial handien alternatiba xume" moduan aurkezten dute, baita "kontsumo arduratsua, solidarioa eta iraunkorraren plataforma moduan", baina uste dute "betiko azoken sustraietatik abiatuz, azokak gaurkotu eta berritu" egin behar direla.
Ongizatearen bermea
Uste dute, halaber, "azoka biziberritua proiektu estrategikoa izan daitekeela Arrasateko bizi kalitatea eta ongizatea bermatzeko (…) baserritarren sektorea indartzeko, herriko merkataritzari indarra emateko, kulturgileendako, birziklatze eta berrerabilpen plataforma izateko…"
Komunitate ikuspegia indartuta
Eta bukatzeko, besteak beste, azoka biziberritzeko orain arte egindako prozesuak "herriko eragileen saretzea eragin" duela ere azpimarratu dute: "Elkar ezagutu, lankidetzan aritu eta konfiantza sareak ehundu ditugu udal ordezkari, udal teknikari, herri eragile, eta parte hartu duten herritarren artean. Etorkizunean lankidetzan oinarrituriko prozesu berrietarako baldintzak sortu dira".
Hala, "herrigintza esperientzia berritzailea garatu" dutela adierazi dute eta era berean, "komunitate ikuspegia indartzen" joan dela prozesu honetan: "Nekazarien, herriko merkatarien do haur aisialdiko taldeen egoera, esaterako, ez da bakoitzaren arazo soila, aitzitik, ardura kolektiboa da komunitatearen ongizate eta bizi kalitaterako funtzio ezinbestekoa garatzen duten neurrian".