Ander Arizaleta: "Ea iazko talde kopurua gainditzea lortzen dugun"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko uztailaren 10a

Lehenengoz hartu du Ander Arizaletak (Arrasate, 1993) Zaldibarko 24 orduko areto-futbol txapelketa antolatzeko ardura. Mondragon Unibertsitateko ikaslea da, Lidergo Ekintzaile eta Enpresa Berrikuntza graduan; txapelketa antolatzeak zerikusi zuzena du ikasketekin. Zapatuan jokatuko da, hilak 14. Eguenera arte, hilak 12, eman ahalko da izena.

Nola amaitu duzu 24 orduen txapelketako antolakuntzan?

MUko ikasle talde bat gara eta ikasturteko helburuetako bat da sortzen gabiltzan enpresarendako dirua lortzea. Kaleko zurrumurruen bidez enteratu ginen Zaldibarko betiko antolatzaileek aurten ez zutela txapelketa hori antolatuko. Eurekin jarri ginen harremanetan eta kalean entzuten zena ziurtatu ziguten, aurtengoa antolatzea gure eskuetan utzita. 

Esan ziguten nekatuta amaitu zutela urte osoko txapelketarekin, eta begi onez ikusi zuten guk antolatzea. Bilera egin genuen taldekideen artean, eta aurrera egitea erabaki genuen. 

Iaz 16 taldek hartu zuten parte. Zenbat espero dituzue aurten?

Kopurua berdintzea ondo legoke, baina ea gainditzea lortzen dugun. Oraingoz, bost taldek bakarrik eman dute izena, baina ezagun askok esan didate taldea osatzeko asmoz dabiltzala. 

Badakigu halakoetan jendeak azken ordura arte itxaroten duela, baina uztailaren 12a da azken eguna. Egun horretatik aurrera ez dugu talderik onartuko. 

Zer egin behar da izena emateko?

Talde bakoitzak 60 euro sartu beharko ditu honako kontu korronte zenbakian, taldearen izenarekin: 2101 0038 52 0128268802. Izena emateko azken egunaren ostean zenbat talde dauden ikusiko dugu eta horren arabera zehaztuko dugu partiduen taula. Horrez gain, edozein zalantza argitzeko, 637 78 74 41 telefono zenbakira deitu edo zaldibarko24orduak@gmail.com helbide elektronikora idatzi. 

Parte hartzea erabat librea da, 16 urtetik gorakoendako. Herri osoa gonbidatu gura dugu parte hartzera. 

Sariak ere izango dira, ezta?

Bai, horixe! Finalistendako eta jokalari onenarendako garaikurrak egongo dira. Gainera, irabazleek bildotsa eta urdaiazpikoa jasoko dute sari moduan, eta oraindik pentsatzen gabiltza txapeldunordeei zer eman. 

Bestalde, barra bat jarriko dugu edatekoa saltzen, harmailetako giroa ahalik eta beroena izan dadin. Espero dugu jendeak ondo erantzutea; ea txapelketa polita irteten zaigun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak