Kristina Zeziaga, Uribarri-Erguingo auzo alkatea: "Auzotarren inplikazio barik jaiak desagertu egingo dira"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko uztailaren 9a

Bost urte daramatza Kristina Zeziagak Uribarri-Erguingo auzo alkate moduan. Aurten ere auzotarren inplikazioa eskatu dute auzoko jaiak antolatzeko; diru eta ideia falta da arazo nagusia. Uztailean bidali behar dute egitaraua inprentara; denboraz oso justu dabiltza, beraz.

Auzotarrengana jo duzue laguntza eske jaiak antolatzeko. Zergatik?
Aurtengoa laugarren urtea da auzotarrengana jotzen duguna. Lehen urtean komunitateetako jabeengana jo genuen baina ez genuen arrakastarik lortu. Auzotar askok esan ziguten ez zirela enteratu eta horregatik hurrengo urtean bizilagun guztiengana zabaldu genuen mezua. Diru ekarpenak gora egin zuen baina jendeak ez zuen ideiarik bota eta inplikazioa ez zen espero genuena izan. Hala, aurten pentsatu genuen eskaerarik ez egitea baina diruz inoiz baino okerrago gabiltzanez azken orduan atez ate laguntza eskatu dugu.

Auzoko jaiak desagertzeko arriskuan daudela esan genezake?
Desagertzeko arriskuan ez oraindik, baina egia dena da hainbat ekintza kolokan daudela. Egun dugun diruarekin egitarauan aurreikusita ditugun ekintza asko ezingo dira gauzatu. Krisia denondako da eta auzotarren inplikaziorik ez badago jaiak desagertu egingo dira.

Beraz, egitaraua oraindik lotzeke egongo da, ezta?
Lotuta dagoen bakarra dira umeendako jolasak. Gainerako guztia kolokan dago; adibidez, musika talde merkeren baten bila gabiltza eta ez badugu lortzen beste ekitaldiren bat antolatzea pentsatu beharko dugu.
Suposatzen dut auzo askotan gertatuko dela guri gertatzen zaiguna. Baina badaude adibideak bizilagunak askoz gehiago inplikatzen direla erakusten dutenak; Musakolako jaiak, esaterako.

Uribarri-Erguin auzo berezia da...
Hala da. Zarugalde kaleko zati bat eta Munarreko beste bat gure auzoan daude baina eurak diote ez direla auzokoak. Arimazubiko beste bizilagun batzuk ere diote eurak ez direla Uribarrikoak. Bestalde, San Bartolome jaiak abuztu amaieran ospatzen dira, Uribarriko baserri giroa dutena jatorri. Guk, berriz, irailaren 14tik 16ra ospatuko ditugu jaiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak