Malen Ruiz de Azua arrasatearrak jubenil mailako Espainiako pertika txapelketa irabazi du

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko uztailaren 8a

Arrasateko atletismo taldeko harrobian pozik egoteko arrazoi bat baino gehiago dute egunotan, eta gaur, Malen Ruiz de Azua pertika-jauzilariak arrazoi bat gehiago eman du; Euskadiko errekorra hautsi berri, Espainiako txapelketa irabaztea lortu du. Gaur arratsaldean lehiatu da Aranjuezen (Madril) jokatutako jubenil mailako Espainiako txapelketan, eta berea izan da marka onena: 3,75 metro, hain zuzen ere.

Txapelketak luze jo du —17:30etik 20:30era— eta beroak asko baldintzatu dute jauzilarien lana. Ruiz de Azuak 3,61 metroko jauzia egin du lehenengo; bigarrena ere —3,75 metro— gainditu egin du. "Azken jauzian 3,91 metroko langa ipini du bere marka onena eta Espainiako errekorra gainditzeko saiakera egiteko, baina nekatuta eta beroak jota zegoela argi ikusten dugu denok", adierazi du Jonathan Perez entrenatzaileak. Txapelketako bigarren atleta onenak 3,41 metroko jauzia egin du.

"Oso pozik gaude", adierazi du Jonathan Perez entrenatzaileak. "Bai Maialen bai Malen Espainiako txapeldun dira. Emaitza oso ona da".

Istar Dapena zortzigarren

Gaurko Arrasateko bigarren ordezkariak, Istar Dapenak, ez du bere marka pertsonala gainditzea lortu. 3,95 metroko markarekin zortzigarren sailkatu da arrasatearra. "Arazo asko izan ditu gustura jauzi egiteko: eguzkia, itzala... Beroak ere bere eragina izan du", esan du Perezek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak