Pertsona horiek etxeetara deitzen dute, eta hainbat galdera egiten dituzte: 60 urtetik gorako pertsonarik bertan bizi den, 40 urtetik gorakorik… "Modu honetan jakiten dute adineko pertsonak zein etxetan bizi diren bakarrik eta bertara joaten dira, osasunarekin lotutako produktuak saltzera. Adineko pertsona horri sinatu arazten diote kontratu bat eta hurrengo egunean etxera etortzen zaizkio berriz saldutako produktuaz eta dirua kobratzeko asmoz", kontatu dute Udaltzaingotik.
Asteon bertan, kasu bat
Emandako informazioaren arabera, oraingo astean bertan deitu diote pertsona bati eta haren etxera ere joan ziren, bakarrik bizi zela egiaztatu ostean. "Gorputzari magnetismoa ematen dioten iman-jokoak eta besaulki bat 3000 eurotan saldu gura izan dizkiote. Adineko pertsona horrek herenegun 3000 euroko salmenta hori jasotzen zuen kontratua sinatu zuen eta atzo etxera etorri zaizkio pertsona hauek, produktuak entregatu eta dirua kobratzera. Adindun horren semea, ordea, gertatutakoaren berri izanda, etxean egon da zain, saltzaileak noiz etorriko. Agertu direnean aurre egin die eta iruzurgileek alde egin dute adindunaren etxetik".
Salaketarik ez
Hala ere, Arrasaten salaketarik ez dutela jaso adierazi dute Udaltzaingotik, eta horren ondorioz, ez dutela "iruzurgileak hemen dabiltzanaren pista ofizialik". Edozelan ere, herritarrak jakinaren gainean jarri gura dituzte, "batez ere adindun pertsonak tentuz ibil daitezen".