Inauguratu dute ospitale berria

Mirari Altube Arrese 2012ko uztailaren 5a

Ekainaren 18tik martxan egon arren, gaur, eguena, inauguratu dute Debagoieneko ospitale berria eta bertan izan da Patxi Lopez Lehendakaria. Rafael Bengoa Osasun sailburua eta Antonio Arraiza ospitaleko gerentea izan ditu lagun, baita Amaia Larrañaga alkate funtziotan dagoen Arrasateko zinegotzia ere.

Rafael Bengoa Osasun sailburuak eta Antonio Arraiza ospitaleko gerenteak egin diote harrera ospitaleko sarreran Patxi Lopez Lehendakariari, hainbat lagunek murrizketen aurkako elkarretaratzea egiten zuten bitartean. Ez da izan zinta mozketarik, eta bigarren solairuan egokitutako aretora jo dute zuzenean.

Lehendakariak integrazioaren, elkarlanaren eta koordinazioaren eredutzat jarri du ospitale berria. Eta alkate funtziotan dagoen Amaia Larrañaga pozik azaldu da, batez ere, zabalik daramatzan bi asteotan “iritzi positiboak bakarrik” jaso dituztelako erabiltzaileengandik. Era berean, erantzukizunez jokatzeko eskatu du Larrañagak, ospitaleko zerbitzuak egungo eta etorkizuneko beharretara egokituz.

Antonio Arraiza gerenteak ospitale berriaren ametsa zelan gauzatu den azaldu eta 60 milatik gora diren Debagoieneko biztanleak hobeto atenditzeko egin dituzten berrikuntzen gaineko argibideak eman ditu: sei kirofano, eta Suspertze Unitatean zortzi ohe; gainera, gauez ere zabalik izango dira ohe horiek Gasteizera joan beharrik ez izateko.

"Hobekuntza garrantzitsuak"

Larrialdietan egin dituzten hobekuntzak ere garrantzitsuak direla esan du:  aparteko sarrera, zazpi gelatik hamarrerako igoera, eta gaixoak suspertzeko bi gune. Gainera, erradiologia zerbitzu guztia digitalizatu egin dute segurtasuna eta eraginkortasuna handituz.

Ospitalak eskaintzen dituen zerbitzuek ere gora egin dute, eta gaineratu dituztenen artean daude: hematologia, endokrinologia, erresonantzia magnetikoko ekipo bat, eta zaintza paliatiboen unitatea. Irailetik aurrera, gainera, neurologia eta urologiako kirurgia ere eskainiko dituzte.

Bestalde, ginekologia zerbitzuak eta erditze unitateak ere izan dituzte hobekuntzak erditze naturala eta errepetuzkoa ahalbidetuko duen gunea ezarrita.

Hori guztia 95 oherekin osatu dute, eta gela eta areto eroso eta modernoekin. 

Lehendakaria "murrizketen kontra"

Arrasatera egindako bisitan, Espainiako gobernutik datozen murrizketen kontra egiteko aprobetxatu du Patxi Lopez Lehendakariak. Joan aurretik eta ekitaldia borobiltzeko, ospitale berriaren hainbat gune erakutsi dizkiote Lehendakariari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak