Julen Mendizabal arrasatearra "terrorista bilatuenen zerrendan" sartu dute

Goiatz Arana Begiristain 2012ko uztailaren 4a

El Correo egunkariak bere atari digitalean jaso duenez, iazko urrian ETAk behin-betiko su-etena iragarri zuenetik "terrorista bilatuenen zerrendan" sartu den lehen ustezko ETAko kidea da Mendizabal. Terrorismoaren kontrako agintaritzaren arabera, "31 urteko ustezko ekintzailea, ezezaguna orain arte, ETAren aparatu logistiko-militarreko erantzukizun garrantzitsuko kargua izatera pasa da", eta segurtasun indarrek uste dute "erakunde armatuak Frantzian dituen zuloen kudeaketaren arduraduna" izan daitekeela. Postu horri "giltzarria" deritzote, are gehiago Gobernuak behin eta berriz eskatu dionean ETAri bere armak desegin eta entregatzeko.

Hedabide horren arabera, "Mendizabalen argazkia eta datu pertsonalak Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren zerrendetan sartu dituzte eta, ekaineko azken egunetan, erkidegoko polizia etxeetan eta institutu armatuko kuarteletan banatu". "Frantzian burututako hainbat operaziotan, erakundearen arma eta lehergai ezkutalekuetan batez ere, bere aztarna digitalak azaldu izanak" eraman ditu Arrasatekoa "terrorista bilatuenen zerrendan" sartzera.

Informazio zerbitzuen arabera, "ustezko ETAko kide honek iazko udaberrian egin zuen salto erakunde armatuko erantzukizun postuetara, ETA su-etenean zegoela".

Ertzaintzako eta Barne Ministerioko analistek "ETAko buruzagi militar izandako Jurdan Martitegi Arlas-en inguruko" jotzen dute Mendizabal. "Galiako Montauriol herrian, Perpiñan inguruan, atxilotu zuten Martitegi 2009an eta ordutik desagertuta dago Mendizabal".

2001 urterako, Auzitegi Nazionalak Bizkaia eta Gipuzkoako banketxeen kontrako erasoetan espezializatutako kale borrokako talde batekin erlazionatzen zuen. El Correok jaso duenez, Ertzaintzaren operazio batean ihes egitea lortu zuen orduko hartan. "2005ean atxilotua izan zen Arrasaten, protesta ekitaldi baten", gehitzen du ondoren.

Egunkari horren arabera, Mendizabalekin, beste 16 lagun geratzen dira ETAko kide bilatuenen zerrendan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak