Los Cretinos: "Diskoak soinu klasikoa izango du, 60ko hamarkadako taldeena bezalakoa"

Ander Monedero 2012ko uzt. 4a, 02:00

Gau baten, Jaimek eta Barbak erabaki zuten beraien gustuko taldeen abestiak jotzeko elkartu behar zirela eta, 10 urte beranduago, hasierako gogo berdinarekin jarraitzen dute; hori bai, denbora tarte honetan bi disko atera eta kontzertu pila bat jo dituzte. 10 urte hauetako ibilbidea errepasatu dugu eurekin.

Aurten Los Cretinos taldeak 10 urte egin ditu. Ez da erraza urte hauen guztien ostean jotzen jarraitzea...

Urte onak eta ez hain onak izan ditugu, baina aurrera jarraitzeko gogoak taldea mantentzera eraman gaitu. Bost baxu-jole izan ditugu,  gehiegi dira, baina, taldeko kide batek utzi duenean gurekin jotzeko prest egon den jendea topatu dugu. Orain, formazio egonkor bat lortu dugu, Zaba sartu zenetik ia hiru urte pasatu dira, eta inoiz baino gogo gehiagorekin jotzen ari gara.

Laukote bezala hasi, gero hirukote eta orain, berriro, laukote.

Hasieran bi gitarra, baxua eta bateria bezala hasi ginen, gero Ibaik gitarra utzi eta teklatua jotzen hasi zen. Formazio horrekin lehenengo diskoa kaleratu genuen eta, gero, Oierrek taldea utzi eta Ibaik baxua hartu zuen. Nahiz eta teklatuarekin gustura egon, baxu-jolea behar genuenez, hirukote bezala funtzionatzen hasi ginen. Ibaik taldea utzi zuenean, Alexis sartu zen eta bere ostean, Amaia. Gure abestietan berriz ere pianoa sartzeko gogoa genuen, eta hori aurrera eramateko pertsona egokia topatu genuen. Gero Alexisek taldea utzi eta Zaba sartu zen. 

Azken formazioarekin egonkortasuna lortu duzue.

Egia esan, orain inoiz baino komunikazio handiagoa dugu. Gure artean asko hitz egiten dugu, lehen baino gehiago, eta horrek aurrera egiteko indarra eman digu. Cretin family bat gara!

'Arranca el coche' 2006an kaleratu zenuten eta 2008an Estatu Batuetan.

Disko hori Jorge Reboredorekin grabatu eta gure kontura atera genuen. Hasierako formazioarekin grabatu genuen eta bi urte beranduago, internet bitartez, Texas-eko zigilu batek Estatu Batuetan diskoa kaleratzeko proposamena egin zigun eta guk gustura onartu genuen. Internetek ate asko zabaltzen dizkizu, gure abestiak mundu osoan entzun daitezke.

Gero 'Crazy Party'ren txanda iritsi zen.

Diskoa bi zatitan grabatu genuen, lehenengoa 2008an eta bigarrena urtebete beranduago. Lehenengo zatia Oñatiko Kirrinekin grabatu genuen. Diskoaren azken hiru abestiak Guantxeren (Lobo Electrico, Señor No...) estudioan grabatu genituen. Lehenengo zatia motz geratu zen eta Never Trust a Punk bilduman kaleratuta ez zegoen abesti bat sartu behar genuenez, beste lau abesti grabatu eta diskoan hiru sartu genituen.

10 urtetan kontzertu pila bat eman dituzue, gehienak etxetik gertu, baina Madril, Londres edo Amsterdam bezalako lekuetan jo duzue. Zer moduzko esperientzia da?

Taldea sortu genuenetik ahalik eta kontzertu gehien jotzeko helburua izan dugu. Londresen bizi diren lagunak ditugu eta han jotzera animatu gintuzten, garage, punk eta rock & roll eszena handia dago eta publikoaren harrera beroa izan dugu. Lehenengo urtean kontzertuak internet bitartez lotu genituen, eta beste bi aldiz errepikatu dugu. Gero, Holandan egon gara, Sunnpinp taldearekin. Arrasaten elkarrekin jo genuen, lagunak egin eta bertara joan ginen. Eindhoven, Amsterdam eta Horn hirietan jo genuen.

Uztaila bukaeran disko berria grabatu behar duzue.

Bai, 11 abesti berri eta Mi moda soy yo abestia grabatu behar ditugu.

Circo Perrotti estudioan grabatu behar duzue Jorge Explosionen gidaritzapean?

Jorge Explosionen jarraitzaileak gara, Doctor Explosion asko jarraitu dugu eta egungo eszenako talde askok berarekin grabatzen dute. Estudio analogikoa du, material zaharra eta rock & roll zaharrak duen soinua aterako digu, diskoak soinu klasikoa izango du, ez modernoa. 60ko hamarkadako taldeek grabatzen zuten bezala grabatuko dugu.

Diskoa kaleratzeko zigilu baten laguntza izango duzue?

Bai, biniloak kaleratzeko Pantano Records-en laguntza izango dugu, eta beste zigiluren bat bilatzen ari gara, diskoak banaketa handiagoa izan dezan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak