Kepa Otxoa: "Talde umila gara, aurrekontu txikiena duena, baina hasi gara errepidean aurpegia ematen"

Xabier Urtzelai 2012ko uztailaren 3a

Bedoñan egin dugu hitzordua Kepa Otxoarekin (Arrasate, 1988). Ikasturtea amaitu berri, uztaileko eta abuztuko lasterketak hobeto prestatu ahal izango dituela aitortu digu Kanpanzar Harrobiko txirrindulariak. Azken asteotan gorputzaldi onean jartzeko IratiXtrem eta Quebranta-n egon da, eta azken horretan 25 urtetik beherakoetan azkarrena izan zen.

Ziklismoan, nondik nora ibili da Kepa Otxoa?

Berandu hasi nintzen txirrindularitzan, 19 urterekin. Lau urte nituenetik iaz arte eski alpetarreko lasterketetan parte hartzen ibili naiz, eta horrekin batera futbolean jokatzen nuen, Mondran. Baina, sorbalda apurtu eta erreabilitazioa egiteko bizikletan hasi nintzen. Hala, mila kilometro egin barik gazte mailako lasterketa batean hartu nuen parte, Aretxabaletan, eta ederki sufritu banuen ere lasterketa tropelean amaitzea lortu nuen. Hor ikusi nuen bizikleta gainean ondo molda nintekeela, baina iaz erabaki nuen kirol hau apur bat serioago hartu behar nuela.

Kanpanzar-Harrobiak taldea sortu aurretik Bruesan korritu duzu.

Bai, urtebete egin nuen han, baina nahiko lasai ibili nintzen. Lehendakari Txapelketa korritu nuen, baina guztira 12 lasterketa baino ez nituen egin. Bizkarreko arazo batzuk tarteko urtebete geldi egin ostean nire kontura hasi nintzen lasterketetan parte hartzen, eta gustura ibili naiz, nahiz eta oraindik ere esperientzia falta zaidan.

Hori komentatu behar nizun, 19 urterekin hasita baduzu zer ikasi.

Bai, hanka-sartze galantak egin ditut errepidean egin ditudan bi urte hauetan, baina banabil ikasten [Barre]. Lasterketan erasoa noiz jo asmatzen jakin ez, une batez despistatu eta aurreko taldetik atzera geratu... Halakoak egin izan ditut.

Taldean, baina, nahiz eta zure adibekoek duten esperientzia ez izan, beteranoetakoa zara.

Bai, eta taldeko gazteenak lasaitzen ibili behar izaten naiz batzuetan, odolberoak direlako. Lasterketak luzeak dira, eta orain nahiz eta indartsu egon, baliteke 20 minutu barru tropelaren atzealdean egotea, lur jota. Kategoria honetan oso ondo neurtu behar dira indarrak, eta urduritasunei eusten jakin behar da.

Dagoeneko denboraldi erdi egin duzue, ze balorazio egiten duzu?

Ez dut zorte handirik izan, egia esateko. Denboraldi hasieran oso ondo nengoela aitortu behar dut, baina lehenengo bost lasterketetatik hirutan lurrera joan nintzen. Urrakiko lasterketan hasi nintzen berriro ere errekuperatzen, eta duela hilabete Ataunen hamargarren izan nintzen, Gipuzkoako Txapelketa irabaziz. 

Irailean kanpora joateko asmoa duzu, eta hortxe amaituko da aurtengo denboraldia.

Bai, Suedian egonaldi bat egingo dut, eta ikasturtea amaitu denez datozen bi hilabeteak topera aprobetxatu nahi ditut. Ikasturtean zehar ere entrenatzen ibili naiz, baina ez da gauza bera gogor entrenatu eta siesta egin, ala ikastera joan behar izatea.

Zeintzuk dira gorriz markatuta dauzkazun lasterketak?

Ez dut uste lasterketa jakin batzuetan itsutzea ona denik, ez dudalako nahi nire burua larregi presionatzerik. Egia da domekan [atzo] Gatzagan egingo dugun lasterketan ondo ibili nahiko nukeela, etxean korrituko dugulako. Eta, abuztuan Aretxabaletako jaietan egingo dugun lasterketak [Andramari Saria, abuztuak 16] ere aparteko ilusioa egiten dit.

Lehenengo urtea da Kanpanzar Harrobiakendako. Bistan da ez zaretela tropeleko talde indartsuena, baina hasi zarete emaitza politak lortzen.

Bai, lasterketa batzuetan aurrealdeko postuetan sartu gara, eta aurrekontu txikiena dugun taldea izanda, ez dago txarto. Errepidean gerra apur bat emateko asmoz irteten gara. Egia da ziklista asko oso gazteak direla, eta oraindik ere txirrindulari moduan egin egin behar direla, baina talde umila izanda ere, aurpegia ematen ari gara.

Lasterketez gain, martxa zikloturistetan ere parte hartzen duzu.

Bai, erorikoen ostean entrenamendu gisa erabili ditut IratiXtreme eta Quebrantahuesos probak. Baina horietara beste helburu batekin joaten naiz, entrenatzera eta lagunartean ondo ibiltzera.

Hala ere, 25 urtekoen artean azkarrena izan zara Quebranta-n.

Bai, baina arazoak izan nituen txipaz, eta egin nuena baino bost minutu gehiago jarri zidaten. Bestela, sailkapen nagusian 14. sailkatuko nintzateke. Dena dela, esandako moduan entrenatzera joan nintzen. Portalet-en taldetik tiraka ibili nintzen, ez zidan axola indarrak xahutzea, atzetik uluka lasaiago joateko esan zidaten arte. Beldurgarria da jendeak ze serio hartzen dituen halako martxak.

Pentsa, lehenengo sailkatuak doping kontuengatik zigortuta daude.

Martxa zikloturistetan bakoitzak jakingo du zer egiten duen bere buruaz, nahiz eta penagarria den. Dena dela, Quebranta-n ere badago jendea urtero-urtero aurrean dabilena, gauzak ondo egiten dituztelako eta sekulako doaiak dituztelako; begira Askasibar elgetarra, esaterako. Min handiagoa egingo lidake jakiteak jendea afizionatu mailan ere doping kontuez dabilela, horrek besteoi traba egiten digulako. Berriz diot, martxa zikloturista batean, bakoitzak jakingo du bere buruari zenbaterainoko kaltea egin nahi dion. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak