Maialen Axpe: "Finalerako sailkatzeko asmoarekin joango naiz Munduko Txapelketara"

Julen Iriondo 2012ko uztailaren 2a

Maialen Axpek (Arrasate, 1993) ondo bideratuta zuen uztailaren 10etik 15era Bartzelonan jokatuko den junior mailako Munduko Txapelketarako sailkapena, baina aurreko asteburuan ziurtatu zuen, Asturiasen, 4 metro jauzi egin eta Espainiako Txapelketa irabazita.

Ba al zegoen zure asmo edo helburuetan uztaileko Munduko Txapelketarako sailkatzea?

Martxoan, pista estalian lortu nuen Munduko Txapelketarako gutxieneko marka, baina denboraldia luzea da eta ez nuen erabat ziurtatuta sailkapena lortzea; baina bai, espero nuen hori berrestea, ze gogor lan eginez gero emaitzak atera egiten dira.

Eta lehenengo aldiz sailkatu zara Munduko Txapelketarako...

Iaz Europako Txapelketa egon zen eta egin nuen gutxieneko marka, baina azkenean beste atleta batek lortu zuen joatea. Duela bi urte, berriz, banuen Munduko Txapelketara joateko gutxieneko marka, baina ez zen txapelketarik izan, hala egokitu zen.

Aurten izango duzu, beraz, zer den ikusteko aukera, aurrenekoz.

Bai, hori da. Beste mundu bat izango da, beste esperientzia bat. Oso pozik nago, hori bizi izateko gogoarekin.

Eta zer topatzea espero duzu?

Gauzak beste maila batean ikusiko ditut; gehien bat disfrutatzera joango naiz, gauza berri bat ezagutzera eta ahal dudana egitera. Beste kirolari batzuk ikusi eta haiengandik ikasteko aukera ere izango dut. Hor goian dauden pertsonek beste maila bat dute eta horretara dedikatzen dira, eta izango dut haiek ikusteko aukera. 

Baina, lehiatzera zoazen momentutik, helbururik jarriko diozu zure buruari?

Munduko Txapelketan kanporaketa eta finala izango dira, eta gustatuko litzaidake finalerako sailkatzea. 4,10 edo 4,15 metroko jauziarekin egongo da, agian, aukera finalerako sailkatzeko, eta hori lortzeko asmoarekin joango naiz.

Orain arte ez duzu inoiz hainbeste jauzi egin...

Ez, baina entrenatzen egina dut eta, sinisten badut, ziur aterako dela. Ez badut sinisten, orduan bai ez dela posible izango.

Horrelako zita garrantzitsuetan zer egiten zara, hazi edo kikildu?

Txikitatik, kadetea nintzenetik joan naiz Espainiako Txapelketetara. Hasieran, Euskadiko Txapelketa batekin alderatuta, inpresioa egiten du jendeak, giroa oso desberdina izaten da. Baina poliki-poliki, txapelketak pasa ahala, segurtasun hori lortzen da eta bai, gaur egun hazi egiten naiz txapelketetan.

Hortaz, domina bat lortu ahal izatea, amets egitea da, ezinezkoa da?

Ezinezkoa, ez dakit. Poliki-poliki joanda lortu beharreko zerbait.

Honetan hasi zinenean esperoko zenuen Munduko Txapelketa baten egotera iritsiko zinela?

Olinpiar Jokoak-eta jarraitu izan ditut pertika jauzian hasi nintzenetik; baina, noski, nire buruan ez zegoen hori, ez nekien noraino iritsiko nintzen. Banuena zen dudan dena emateko asmoa.

Bakarkako kiroletan, lehenengo arrasatearra izango zara, agian, Munduko Txapelketa batean parte hartzen...

Ba ez dakit. Atletismoan bai, lehenengoa naiz.

Non du sabaia Maialen Axpek? 

Ez diot nire buruari toperik jartzen, beti aurrera; ahalik eta gehien salto egiten ahaleginduko naiz. Beti joan naiz hobetzen; beti egin daitezke gauzak hobeto eta lortu daiteke imajinatzen dena.

Ari al zara prestaketa berezirik egiten Munduko Txapelketarako?

Denboraldi osoan ari naiz prestaketa berezia egiten. Astean zehar bost egunetan entrenatzen dut, bi orduz; gogorra da, hainbat gauza albora utzi behar dira, lagunekin ezin ditut zenbait gauza egin, baina horrela lortzen dira emaitzak. Espainiako Txapelketa izan da hobetzen joateko, baina urte osoko prestaketa izan da Munduko Txapelketa ahalik eta ondoen egitera bideratuta.

Aurten Olinpiar Jokoak ere bai Londresen, jarraituko dituzu?

Bai, telebistatik bai.

Eta lau urte barru zeu Rion?

Bai, hori da dudan helburuetako bat. Gustatuko litzaidake behintzat. Gogor entrenatuta eta gogoa jarrita posible da.

Zein da zure ispilua pertikan?

Ez dut ezagutzen, baina asko gustatzen zait eta miresten dut Munduko txapelduna, Yelena Isinbayeba.

Ba zure adinarekin, 2001eko Munduko Txapelketan, 4,25 metro egin zuen salto Isinbayebak; zuk diozu 4,15 egin dezakezula, ez dago hainbesteko alderik, ala?

Pertsona bakoitza mundu bat da. Adibidez, Naroa Agirrek nire adinarekin salto egiten zuena baino gehiago egiten dut nik. Bakoitzak du bere bilakaera, ezin dira bi pertsona hala alderatu.

Dena dela, pertika jauzian, asko dira hamar zentimetro?

Nahikotxo da bai. Orain moduan sasoi onean egonda, posible da edozer irtetea eta txapelketa batetik bestera 10 edo 15 zentimetro hobetzea; baina posible da ez aurrera ez atzera geratu eta hamar zentimetro mundu bat iruditzea ere.

-----------------

Axpe bai; Uribarren, ia ziur, ez: Beste arrasatear batek, Iñigo Uribarrenek, ere bazuen aukera Bartzelonako Munduko Txapelketan egoteko, baina azkenean ez da hala izango, ezusteko pozgarririk ez bada behintzat. Jauzi hirukoitzean 15,05 metroko jauzia eginda, bigarren geratu zen Uribarren aurreko asteko Espainiako Txapelketan, baina marka ez zen sailkapena lortzeko adinakoa izan. Printzipioz 15,60koa behar zuen –gutxiagorekin ere posible zatekeen–, eta lerro hauek idazterako garaian aukeratutako atleten zerrendarik ez izan arren, oso zaila da Iñigo Uribarren zerrenda horretan egotea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak