Normalean baino astebete beranduago hasiko dira aurtengo Lezetxikiko indusketa lanak, gaur iritsiko dira-eta Garagartzako aztarnategian jardungo duten gazteak. "Deialdia beranduago atera delako hasiko gara beranduago", argitu du Alvaro Arrizabalagak, Aranzadi elkarteko arkeologo eta Lezetxikiko indusketen arduradunak.
Diru-partida, erdira
Beranduago hasi eta nekezago ere jardungo dutela kontatu du hark: "Ahal dena egitera gatoz. Aurten Kobate harrobiak emandako dirulaguntzari esker eutsiko diogu, baina horrek urtebeterako besterik ez du ematen. Gainera, berez, hori da datazioak eta analitikak egiteko. Dugun susmoa da aurtengo partida oso murritza izango dela, erdira jaitsiko dela".
Tresneria bai
Kontuak kontu, hemen diren bitartean behintzat, aztarna batzuk aurkituko dituztelakoaren esperantza badute sikiera: "160.000 urteak gaindituta izango ditugula uste dut. Lehengo neanderthalak edo azkeneko homo heidelbergensisen aztarnak izango direla espero dugu, garaikideak direnak han aurkitutako giza hezurrarekin. Badago tresneria nahikotxo, iaz hasi ginen-eta indusketak egiten", azaldu du Lezetxikiko indusketen arduradunak.
Nazioarteko oihartzuna
1956an hasi zen Joxe Miel Barandiaran Lezetxikiko indusketak egiten. Bertan aurkitu zuen, 1964an, Euskal Herrian dagoen gizaki aztarnarik zaharrena, emakume baten humeroa. Hartz baten garezur osoa ere aurkitu zuten 2007an, aurkikuntza oso ezohikoa. Eta, besteak beste, Euskal Herrian bizi izan zen azken tximuaren arrastoa ere topatu dute Arrasateko kobazuloan, Ameriketako Estatu Batuetako Journal of Human Evolution aldizkari ospetsua izan zen, gainera, aurkikuntza horren berri eman zuena.
Arrizabalagak, Arrasateko kobaren garrantzia azpimarratu izan du beti: "3.000 urte baino luzeagoa den sekuentzia guztia islatzen digu; orain dela 150.000 urte inguruko bizimodua".