Goizeko 11:00etan, elkartutako jokalariak, egungo entrenatzaileak eta taldearekin lan egin duten beste batzuek hiru multzotan banatu eta horietako bi taldek lagunarteko partidua jokatzeari ekin zioten.
Gero, denbora pasa ahala, kanpoan geratutako jokalariak bi taldeetan sartzen joan ziren. Ez zen partidu serioa izan, baina jokalari beteranoek euren kalitatea erakusteko aukera izan zuten eta gazteek euren freskotasunarekin erantzun zieten. Hala ere, ez zen umorea falta izan: jokalari batek huts egiten zuen bakoitzean gazte eta beteranoen arteko bromak entzuten ziren.
Zendutako jokalariak gogoan
Partiduaren atsedenaldian, Mondrako nesken taldean aritutako Gio eta Oihana zendutako jokalariak omendu zituzten. Taldekide eta lagun izandako bi jokalariak ez zituztela ahaztuko esan zuen Esti Loitik eta Gioren senitartekoei bere izena daraman kamiseta oparitu zieten. Oihanaren izenarekin beste kamiseta bat ere egin zuten, baina bere senitartekoek ekitaldian parte hartu ez zutenez, beste egun batean emateko konpromisoa hartu zuten.
Omenaldia bukatzerakoan lagunartekoaren bigarren zatia jokatu zuten, eta partidua bukatu ostean, atzoko eta gaurko jokalariek poteoa egin eta bazkaltzera joan ziren. Mahaiaren bueltan 50 bat lagun elkartu ziren.
Beste 25 urte egiteko prest
25 urte hauetan taldeak gora-behera asko izan ditu, urte onak eta ez hain onak –denboraldi batzuetan taldea osatzeko jokalari falta izan zuten–, baina aurrera egiten jakin dute eta, orain, Mondrak duen harrobiarekin taldeak etorkizun handia du. Mondrak emakumezkoen infantil eta kadete taldeak ditu eta gazte mailako eta kimu mailako taldeak sortzeko lanetan ari dira.