"Ondo pasatzeko asmoz elkartuko gara, urte hauetan guztietan Arrasaten emakumeok futbolean jokatu dugu eten barik, eta asmoa da adin ezberdinetako lagunak Mojategiko berdegunean batzea, eta ondoren bazkaria egingo dugu elkarrekin", adierazi zuen joan den asteko Harmailatik saioan Esti Loiti arrasatearrak. "Nik, baina, ez dakit futbolean jokatuko dudan, ez nuke-eta min hartu nahiko", adierazi zuen barrez.
10:00etan Mojategin
Duela 25 urte Musakolako areazko futbol zelaian jokatzen hasi zirenak, Atxabalpetik pasa zirenak, eta egun Mojategin jokatzen dutenak batuko ditu biharko hitzorduak. 10:00etan hasiko dira jokatzen, ondoren poteoan egin eta garaiz bazkaltzera joan ahal izateko (14:00). Urteurrena ospatzeko modurik onena Mondrako neskek bigarren mailan jokatzea izan da, eta datorren denboraldian ere maila berean jarraitu ahal izango dute Arrasateko neskek.