Errozioa domekan Arrasaten

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko ekainaren 29a

Domekako Errozio Egunak izago du berezitasunik, Al Andalus elkarteko presidente Rafa Gomezek kontatu digun moduan: "Tradizioari jarraituz, zazpi urtean behin amabirginak erregina izateari utzi eta artzai jantzita ospatzen du Errozioa, eta domekan halaxe tokatzen zaio, horregatik izango da berezia aurtengo edizioa".

Domekan Euskal Herri osotik eta kanpotik datozen 20 elkarte baino gehiago hartuko dituzte Arrasaten: "Urtero geroago eta gehiago etortzen dira", eta 09:00etan zumo eta kafeaz egingo zaie ongi-etorria. Hala, 10:00etan amabirgina Al Andaluseko elkartetik Santa Teresako elizara eramango dute zaldi, zaldizko eta herritarrek lagunduta. 11:30ean izango dute meza, eta handik Arruena parkerainoko bidea hartuko dute: "Seguruenik eguneko momenturik politena izango da hori, goizeko lehenengo orduan jendea oso emozionatuta egoten da, eta etengabe kantu egiten diote amabirginari".
Errozioan parte-hartuko duten lagunek Arruenako parkean egongo den karpan igaroko dute eguna: "Kantuan eta dantzan egin, ardoa edan, bertako produktuak jan... Lagunartean ondo pasatzeko eguna da. Jendeak dantza egin dezan Udalak taula bat jarri digu Arruenan, eta egun horretan ez da egitarau konkreturik egoten, jendea etengabe igotzen da dantzan egitera.
Agurra, talde batetik bestera
19:00etan, berriz, amabirginak erroziora joandako elkarte bakoitza agurtuko du, eta denek Salbe Errozieroa interpretatu ostean, ostera ere Al Andalus elkarterako bidea hartuko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak