Martitzenean 40 lagunek zuten izena emanda: "Baina iaz, lasterketa egunean, esaterako, 50 lagun apuntatu ziren (12 euro). Horrenbestez, urtero moduan aurten ere 100 lagun pasatxok egingo dute korrika. Gainera, korrikalari fidelak ditugu, urtero etortzen direnak".
Denen erritmora
Torreauzoko krosa lasterketa herrikoia da: "Irabazleek ez dituzte sari ikusgarriak jasotzen, baina lasterketan egon direnen artean zozketa ederra egiten dugu, eta zozketaren zain egoten da jendea, arrakastatsua izaten da".
Hala, sarri gertatzen ohi da herri mailako proba izan arren atletek erritmo altuan korrika egiten dutela. Ondorioz, fisikoki horren ondo ez daudenak berehala geratzen dira atzean, eta herritar asko ez dira animatzen, hain zuzen, hori gertatzeko beldur izaten direlako. Domekan, baina, emakumez osatutako Abixaran atletismo taldeak ez du halakorik onartuko: "Oso ideia polita izan dute Abixaranekoek, alegia, taldetxo bat atzean joango da, korrika lasai egiten, motelen doanaren erritmora".
Horrenbestez, ez dago kikiltzeko motiborik, lehenengoz lasterketa batean parte hartzeko asmoa duenak etzi du aukera aproposa. Krosak 7,5 kilometro ditu, eta Etxe-Aundi jatetxe parean izango da irteera puntua.