Sandra Carrascok agiri bat zabaldu du atzo, martitzena, izan ziren atxiloketen harira; izan ere, atxilotuetako bati, Ugaitz Errazkin ETAko ustezko kideari, Isaias Carrasco eta Inaxio Uria enpresaria hiltzea leporatzen diote.
Isaias Carrasco zenaren alaba Sandrak "adierazpen inozoak" egitea leporatu dio Errekondori: "Errekondo jauna, zure ustez ETA erakunde terroristako bi ustezko hiltzaile atxilotzea –duela lau urte, pistolarekin, bi pertsona errugabe odol hotzean hiltzea erabaki zutenak– gatazkaren konponbidean atzera pausoak ematea bada, ez duzu erremediorik, ez pertsona gisa ez herritarren ordezkari gisa".
"Poliziari eskerrak"
Bestalde, hildako zinegotzi ohiaren alabak eskerrak eman nahi izan dizkie "polizia guztiei", Guardia Zibilari eta Frantziako Poliziari, bereziki, "herritar guztiek eskertu beharko luketen isilpeko lana" egiten dutelako.
"Nire aitak eta Uriak ez zuten hiltzea erabaki, baina ETAko kideek bai. Bada, egon daitezela ondorioak pairatzeko prest. Ez ezazu uste (Errekondori zuzentzen zaio) bake prozesu batean gaudelako zigorrik gabe geratuko direnik", adierazi du Carrascok, eta "oraindik ETAren 326 hilketa argitzeke" daudela gaineratu du.
Bideoa ikusteko egin klik hemen.