Aurten ere euskarazko aldizkari, egunkari eta jolas artean freskura apur bat hartzeko aukera izango da Musakolako igerilekuan. Izan ere, Txatxilipurdik eta Arrasateko Udalak bigarrenez jarriko dute martxan Freskura egitasmoa.
"Uztailaren 2ti abuztuaren 3ra arte, astelehenetik egubakoitzera, 16:00etatik 20:00etara egongo da martxan Freskura. Mahai-jolasak, egunkariak eta aldizkariak doan erabiltzeko aukera izango da", adierazi du Musakolako igerilekuan izango den Maitane Unamuno Txatxilipurdiko hezitzaileak.
Eneko Barberena Txatxilipurdiko zuzendariak zehaztu du, baina, euri egunetan ez direla igerilekuan izango: "Egun horietan igerilekura joaten direnak igeri egitera joaten dira eta horiek ez dute egunkari bat irakurtzeko tarte bat hartzen".
Udan 'Freskura' ederrean
Horixe da Freskura: euskarazko irakurgai eta jolasen doako mailegua. Igerilekuko erabiltzaile guztiek izango dute egitasmoaz disfrutatzeko aukera, igerilekuko txartela edo beste edozein identifikazio txartel utzita.
Unamuno hezitzaileak gaineratu du adin guztietako mahai-jolasak egongo direla eta irakurgaietan ere aukera zabala izango dela. Unamunok beharrezko azalpenak ere emango ditu. Hala zehaztu du Barberenak: "Luxu bat da bertan hezitzaile bat izatea jolasak nola erabiltzen diren azalduko dizuna".
Berria-ren Ziztada kanpainaren gaineko informazioa ere emango dute.
Sorpresak izango dira
Sorpresak ere izango direla aurreratu dute. "Iaz, ipuin kontaketak egin ziren. Aurten, guraso eta haurren eskaeraren arabera antolatuko ditugu ikuskizunak, betiere irakurzaletasuna bultzatzeko helburuarekin" azaldu digu Barberenak.
Euskara sustatzea
Joxe Etxeberria Euskara saileko zinegotziak esan du beharrezkoa dela Hezkuntza Sailetik horrelako egitasmoak bultzatzea eta haurrak txikitatik ohitzea euskarazko jolasak eta irakurgaiak erabiltzera.
Iazko balorazioa positiboa
Iaz egin zen egitasmoa lehendabizikoz eta balorazio positiboa izan zen. Horregatik erabaki dute berri egitea: "Ez genuke errepikatuko balorazioa ez balitz ona izan. Iazko esperientziak doitzeko balio izan digu eta horregatik erabaki dugu, adibidez, euri egunetan ez ematea zerbitzua".
Argitalpenen laguntza
Barberenak jasotako laguntza eskertu nahi izan du gaur goizean egin duten prentsaurrekoan. Hala, eskerrak eman nahi izan dizkie Udalari, Aukeari eta egitasmoa aurrera eramaten lagundu duten argitalpenei: Goiena, Berria, Aizu, Gaztezulo, Irrien lagunak eta Argia.