Arrasateko San Juanetan zezenek protagonismo berezia dute, hiru entzierro egin dira eta bi egunetan errekortadoreak. Domekan izan zen errekortadore txapelketa eta, atzo, gaztetxoen txanda izan zen. 10 eta 12 urte bitarteko umeek Errekortadore gaztetxoen eskola izan zuten eta, bertan, 10 umek parte hartu zuten, horietatik 6 debagoiendarrak.

Jon Maiztegi, Gorka Azkargorta eta Mikel Herranz bergararrentzat eta Gaizka Mendizabal aretxabaletarrarentzat, atzokoa, bigantxa baten aurrean jartzen ziren lehenengo aldia izan zen, ez ordea Julen Murgiondo bergararrarentzat eta Iker Elices arrasatearrarentzat.
Nahiz eta atzo ibarreko 6 errekortadore izan, Iñart Intxausti irunadarrak irabazi zuen txapelketa. Errekortadore txikiek bigantxaren aurrean ausardia eta zuhurtasuna behar direla esan digute eta etorkizunean nagusien txapelketetan parte hartzeko ilusioa dute.
Bitartean baina, ikasten jarraitzen dute eta atzokoa bezalako erakustaldietan dakiten guztia erakusteko aukera dute. Iker Elices arrasatearrarentzat, gainera, atzokoa egun berezia izan zen, urtebeteren ostean, berriz ere herrian aritu zelako.
Julen Murgiondorentzat, atzokoa bigarren erakustaldia izan zen. 11 urteko bergararrak Pentekoste jaietako eskolan egin zuen debuta.
Atzokoan debuta egin zuen errekortadoreetako bat Jon Maiztegi bergararra izan zen, hori bai, bigantxaren aurrean jarri aurretik, Bergarako Zezenak taldekoek oinarrizko mugimenduak nola egin azaltzen diete.
Bergarako Zezenak ganadutegiko kideek noizean behin ikastaroak antolatzen dituzte eta Unai Arana errekortadorea da irakastaroen zuzendaria. Debagoieneko errekortadore txikiek bertan ikasten dituzte zezenaren aurrean egin behar dituzten mugimenduak.