Mondra ez da jaitsiko

Xabier Urtzelai 2012ko ekainaren 27a

Mondrak ohorezko erregional mailan jarraituko du datorren denboraldian, Goienak baieztatu ahal izan duenez. Izan ere, Eibar B taldeak muzin egin dio hirugarren mailan jokatzen jarraitzeari. Hala, Ohorezko erregionaletik Pasaia mailaz igoko da, eta hutsune hori beteko du Mondrak. Albiste ona Mondrako zale eta jokalariendako, eta baita zuzendaritzako kideendako ere. Nahiz eta horiek ondo dakiten klubak bestelako zailtasunak dituela.

Mondraren 100. urteurrena Ohorezko erregional mailan ospatu ahal izango du talde zuri-moreak. Eibarko bigarren taldeak –arrazoi ekonomikoak tarteko– ezin izan dio hirugarren mailako taldeari eutsi, eta horri esker jarraituko du Mondrak kategorian. Hala, bazirudien denboraldi amaieran Muruaren, Zaitegiren eta Garinen taldeak egindako esprintak ezer gutxirako balioko zuela, baina bistan dago ezetz, balio handia izan duela.

Albiste ona bai, baina Mondrak zailtasun ekonomikoekin jarraitzen du

Albiste on horrek, baina, ezin dio Mondraren benetako egoerari itzal egin. Arrasateko taldeak hogei mila euro baino gehiago zor dizkio Arrasateko Udalari. Zor hori nondik datorren? AUKEAk diru-laguntza bat ematen die Arrasateko kirol taldeei, eta aldi berean, kirol instalazioak erabiltzearren klubek dirua itzuli behar izaten diote AUKEAri. Kontua da, baina, aurreko zuzendaritzako arduradunak ez zituela Udalari egin beharreko diru-laguntza-eskaerak bete, baina aldi berean, Udalak berdin jarraitu duela kirol instalazioengatik jaso beharrekoa eskatzen. Hala, hortik dator Mondrak Udalarekin duen "zulo" ekonomikoa.

Hala, egungo zuzendaritzan daudenek diotenez orain arte ez dute Udalaren partetik inongo laguntzarik jaso, eta ahalegin guztiak eginda ere ezinezkoa zaie zor hori ordaintzeko adina diru-sarrera lortzea. Eta kexu dira, inguruko futbol taldeetan Udalak (Aretxabaleta, Aloña...) laguntza handiagoa ematen dielako. Uztail bitartean batzarrak egitekoak dira Mondrako eta Udaleko ordezkariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak