Zapatuan hasi ziren San Juan jaiak Arrasaten eta gaur amaiera emango diete, lau egunen ostean. Gaurkoa azkenengo eguna izanda ere, giro ona somatu dugu Arrasateko kaleetan. Goizean adibidez, kalejira egon da trikitilarien eskutik, baita oilasko dastatzea ere, Eusko Labelen eskutik. Azken hitzordu honetan, Lumagorriko oilaskoa piparrarekin jateko aukera egon da 2 euroren truke, sagardoa edo ardoaz lagunduta. Antzolatzaileek 1.000 pintxo zeukaten aurreikusita.
Arratsalde eta iluntzerako hainbat hitzordu daude. Besteak beste, Zirika Zirkusek eskainitako "Txarlestroup" ikusikizuna, Seber Altube plazan eta Errekortadore Gaztetxoen eskola zezen plazan.
Balorazioa
Jaiak emandakoarekin pozik daude udal ordezkariak. Kepa Urteaga, kultura zinegotziak, jaien gaineko balorazio positiboa egin du. Jai jendetsuak eta parte hartzaileak izan direla azpimarratu du. Horrez gain, herritarren balorazioa ere positiboa izan da.