Saskibaloi campus trinkoagoa izango da aurtengoa.
Bai, ezaugarri hori du aurtengo campusak. Goiz eta arratsalde ibiliko gara 8 eta 13 urte bitarteko gaztetxoekin, bihar hasi eta zapatura arte. Goizean 10:00etan hasiko ditugu saioak, eta 18:00ak aldera amaituko dugu.
Aurtengoan, baina, apustu sendoagoa egin duzue.
Bai, aurreko edizioetan egin izan duguna ere campusa zen, baina ez zuen zerikusirik orain egingo dugunarekin. Iazko campusa teknifikaziora bideratuta zegoen, eta saioak arratsaldez egiten genituen. Aurten, baina, beste arlo batzuk lantzen ibili gara klubean, eta campusera bideratzeko ideia bururatu zitzaigun.
Denetarik egingo duzue. Zehazki, baina, zer?
Hasteko, gaztetxoak etxetik oraindik lo etorriko direnez berotze ariketak musikarekin egingo ditugu. Hala, goizeko lehenengo bi orduak saskibaloi teknifikaziora bideratuko ditugu: jaurtiketak landuko ditugu, botea, paseak... Ondoren, Euskal Herria hobeto ezagutzen lagunduko diguten jolasak egingo ditugu, ginkana eta bestelakoak. Eguerdian atseden hartuko dugu, eta gura dutenek gurekin bazkaldu ahal izango dute Garaian. Arratsaldean, berriz, ingeles ikastaroa izango dugu, baina saskibaloira bideratutakoa. Besteak beste, saskibaloian erabiltzen diren ingelesezko berbak ikasiko ditugu. Amaitzeko, arratsaldetan saskibaloi txapelketak egingo ditugu.
Horrenbestez, saskibaloia ondo pasatzeko aitzakia izango da.
Bai, bai. Gaztetxo horietako asko urtean zehar gurekin izan dira saskibaloi eskolan, esaterako, edo beste kirol jarduera batzuk praktikatzen, eta orain oporretan daude. Hala, uste dugu orain beste jarduera batzuk egin behar dituztela, alegia, eguraldi ona egiten badu igerilekuetatik ere pasatuko gara.
Koordinatzaile lanetan ibiliko zara, baina hainbat laguntzaile izango dituzu.
Bai, goizetan teknifikazioa egiteko Juan Carlos Davila eta Iñigo Urtubi izango dira nirekin. Eta arratsaldetan nagusien taldeko hainbat jokalari izango ditut laguntzaile moduan: Arejolaleiba anaiak, Iker Barbero, Xabi Igoa...
Zenbat neska-mutikok eman dute izena?
Orain arte 30-35 neska-mutikok eman dute izena, baina martitzenean bertan Iturripen gaztetxoren bat azaltzen bada ateak zabalik izango ditu. Oso pozik gaude campusak izango duen parte-hartzeaz, badakigulako oso aste berezia dela. San Juanetan jende asko kanpora joaten da, datorren astean gaztetxoek udalekuak hasiko dituzte... Egun bereziak dira.
Beste urte batzuetan baino neska gehiago izango dituzue campusean, eta horrek bereziki pozten zaitu.
Bai, beti pentsatu izan dudalako gazteak kirolera erakartzeko garrantzitsua dela bai mutilak eta baita neskak batzea. Uste dut neska gaztetxoendako ona dela erreferente izango den talde bat izatea. Hala, orain arte Eskoriatzan izan dute emakumezkoek saskibaloian jokatzeko aukera, baina datorren urtetik aurrera asmoa da Arrasaten ere taldea sortzea.
Lehen Nazional mailako taldeari helduko diogu. Irailera begira, aldaketa handiak izango dira taldean?
Ez, taldearen oinarria aurtengo berbera izango delako. Goiz da ezer aurreratzeko, zalantzak ditugu kanpotik etor daitezkeen jokalariekin. Mikel Anasagasti, esaterako, Suediara joan zen ikastera; hala, lana Arrasate inguruan bilatzen baldin badu gurera etorriko da. Gorka Kintana ere hor dago, Oñatikoek EBAn taldea ateratzen badute suposatzen dut han geratuko dela, baina halakorik gertatzen ez bada aukerak daude gurera etortzeko.
Zu ere taldean izango zara?
Bai, bai, nire asmoa Arrasaten jarraitzea da.
Amaitzeko, duela aste batzuk susto galanta hartu zenuten Unai Barrenak Ukrainian izandako istripuaz. Berri onak ditugu emateko.
Bai, bai. Duela gutxi harekin izan naiz berbetan, etxean dago. Susto galanta izan zen, eta txarto egon da, baina denbora laburrean aurrerapauso galanta egin du. Aurreko asteburuan Bergarako hirunako txapelketa ikusten izan zen, eta hori seinale ona da. Ea lehenbailehen gurekin dagoen.
