Zigor Martinez: "Zerbait desberdina entzun nahi dutenei ate berri bat zabaltzen diegu"

Ander Monedero 2012ko eka. 27a, 02:00

Musika eskolako ikasleek jazz, funk, swing eta halako estiloak entzuteko eta jotzeko helburuarekin jaio zen Arrasate Musikal Big Band, eta azken urteetan, besteak beste, San Juan jaiak bukatu eta hurrengo ostiralean Monterron parkean emanaldia eskaintzen dute. Taldearen ibilbideaz, esperientziez eta ostiraleko kontzertuaz jardun dugu Zigor Martinezekin, Big Bandeko zuzendariarekin.

Big Bandek 11 urte bete ditu. Zer moduzkoa izan da orain arteko ibilbidea?

Musikariak hezteko taldea gara, eta urtero musikariak aldatu behar izaten ditugu; izan ere, batzuk kanpora joaten dira ikastera, beste batzuek lan kontuak direla-eta ezin dute jarraitu... Musikari batek taldea uzten duenean beste ikasleren bat bilatzen dugu. Ibilbide polita izan dugu, aurten lasaiago gabiltza, baina 10. urteurrenean, hamar egunean hiru kontzertu izan genituen eta oso esperientzia polita izan zen.

Urte hauetan guztietan herrian ezagun egin zarete, Monterrongo kontzertua askorentzat urteroko zita bihurtu da.

Gauza polita da herriko jendeak gure kontzertuak ikustera joatea. Egia esan, hainbeste musikari izanda, lekuak erraz bete ditzakegu, baina Durangon, Amurrion eta Leioan jo dugunean ere herriko jendea etorri da gu ikustera: publikoak gustura entzuten gaituen seinale da.

Estilo desberdinak nahasten dituzue: jazza, funka, swinga, latindar erritmoak... Askorentzat, ohikoak ez diren doinuak dira.

Oso estilo zehatzak entzuten dituztenei, agian, ez zaie gustatuko, baina zerbait ezberdina entzun nahi dutenei ate berri bat zabaltzen diegu. Askotan, filmetako abestiak edo abesti ezagun bat jotzen dugunean, asko gustatzen zaie.

Taldea 23 musikarik osatzen duzue. Zaila izango da horrelako talde bat  gobernatzea.

Eskolako talde bat denez, ikasgai moduan planteatzen dugu, baina, hala ere, oso zaila da hainbeste pertsonak osatzen duten taldea eramatea. Agenda guztiak egokitzea oso zaila da, hori da big band profesional gutxi egotearen arrazoia. 

Musikari gazteak hezteko era da.

Bai, musikari gazteak hezteko balio du, eta horregatik ez dugu estilo zehatzik lantzen. Badira rock edo swing estiloan espezializatutako big bandak, baina hori ez da gure helburua. Musikariei bideak zabaltzen dizkiegu, dituzten aukerak erakutsi eta euren bidea egin dezatela nahi dugu.

Herriko salsa dantzariekin ere zerbait egin duzue. 

Bai, elkarrekin jai latindar bat egin genuen. Kalean zegoen kartel baten ondorioz ezagutu nituen eta haiekin harremanetan jartzea pentsatu nuen. Esperientzia polita izan zen, zerbait desberdina egin genuen eta hamargarren urteurrenean ere gurekin dantza egitera gonbidatu genituen.

Bi disko ere grabatu dituzue?

Musikarien heziketaren parte da diskoak grabatzea. Dirudiena baino askoz zailagoa da, pazientzia handia behar da.

Diskoen emaitzarekin pozik?

Bai; lan handia egin dugu bi diskoak grabatzeko, entsegu asko egin ziren, eta momentu haietako errepertorioak betikotu ditugu.

Nahiz eta gehienak abesti instrumentalak izan, abeslari batzuekin lan egin duzue. Ez duzue taldean abeslari bat sartzea pentsatu?

Hasiera batean, kantu batzuk  Amaia Arriarani abesteko eskatu genion eta emaitzarekin gustura geratu ginen. Gero, J. Sang-ekin (Ekon, Governors...) lan egin dugu, eta orain, Evert eta Alaine ditugu. Abesten ikasi nahi dutenei aukera bat ematen diegu, talde handi batekin nola abestu behar den ikasi, taula gainera irten eta dakitena erakusten dute. Esperientzia honek abeslari hobeak izaten lagundu die.

Aurreko urtean Munichen izan zineten.

Taldea motibatzeko era bat da  irteerak egitea. Ez da erraza hainbeste pertsonarentzako bidaia bat antolatzea, baina horrelako irteerek taldea sendotzen dute.

Etorkizunerako planik bai?

Planak baino gehiago, ideiak ditugu. Gure helburua noizean behin irteera bat egitea, diskoren bat grabatzea da. Nahiz eta musika eskolak ekonomikoki lagundu, gauza hauek guztiak egiteko dirua behar da eta horretarako gure diskoak eta kamisetak saltzen ditugu. Ikasturte bakoitzean finkatutako helburuak betetzen saiatzen gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak