"Gauza arrarorik aurkitu duzue?" Elkarri begiratu eta: "Ja, ja, ja, ja" horixe izan da goizean CESPAko garbitzaileek txosnagunean emandako erantzuna. Kontatu, gero, kontatu dutena izan da aurkitu dituztela plastikozko aulkiak iraulita, zakarrontziak apurtuta, edukiontziren bat iraulita… "jaietan normala" izaten den hori. Ez dute besterik esan nahi izan, badaezpada.
14 lagunek garbitu dituzte egunotan Arrasateko kaleak, hiru koadrilatan banatuta, 06:00etan hasi eta 13:00ak arte. "Zapatu eta domekan Bilboko errefuertzoa ere izan genuen", puntualizatu dute.
Zikinkeriaz gainera, hori bai, gaur gaupasero mordoa aurkitu dituzte kalean, "jakina, atzo kontzertuak egon ziren-eta, hori igarri egiten da". Eta gaupaseroak jaia zezen plazan segitzea erabaki dute, momentuz. Gaur, sekula baino "baliente" gehiagok jardun dute adardunen aurrean.

Jakina, hori ondo aprobetxatu dute zezentxoek, eta "gustura asko" geratu dira. Sustoren bat zein beste ere eman dute, baina zorionez, hortxe geratu da guztia.