Hain justu ere, kasu hartan, hiru lagun atxilotu zituen Frantziako poliziak Normandian, Frantzia iparraldean: Ibon Gogeaskoetxean, Beñat Aginagalde eta Gregorio Jimenez. Hain zuzen, Aginagalderi (Hernani, 1984) Isaias Carrasco PSE-EEko Arrasateko zinegotzi ohiaren hilketa (2008an) leporatu zioten, eta baita ere, Inazio Uria enpresaburu azpeitiarraren hilketa.
Sandra Carrasco: "Sekulako lasaitua hartu dut"
Ser irratian egin ditu adierazpenak Isaias Carrasco zenaren alaba Sandrak eta esan du espero duela "egindakoagatik ordaintzea". Horri gehitu dio ez zekiela "bere aitaren hilketarekin zerikusia zuen inork aske jarraitzen" zuenik, "denak atxilotuta zeudelakoan" zegoela. Horregatik, albisteak ezustean harrapatu duela gaineratu du, "sekulako lasaitasuna suposatu" diola eta "poza eragin" diola gehitu.
Denborarekin lasaitu arren, amorrua izaten jarraitzen duela azaldu du: "Ohitu egiten zara horrekin bizitzen, baina amorrua izaten jarraitzen dut, nahiz eta ez sentitu egun hartan adina". "Ezkor" agertu da, "itxaropenik ez" duela esanez, "izan ere, badira barkamena eskatu ez dutenak".