Mondraren etorkizuna, Lemonaren edo Eibarren esku

Xabier Urtzelai 2012ko ekainaren 25a

Mondrak ekainaren 30ean jakingo du datorren denboraldian ohorezko erregionalean jarraituko duen ala ez. Azken berrien arabera badirudi gertu egon daitekeela helburua, baina oraindik ezin da baieztatu Mondrak mailari eutsi diola. Betebeharretako bat zen Barakaldo 2.B mailara igotzea, eta bizkaitarrek asteburuan lortu dute hori. Orain, baina, Mondra beste talde batzuen zoritxarraz baliatu behar da: Lemona klub moduan desagertzea, edota Eibarko bigarren taldea desagertzea.

Mondrako zaleak berri ona ospatzeko deseatzen daude, baina hobe burua hotz mantendu, gertu dagoen helburua kolpe batean desagertu daitekeelako. Egia da aukera handiak daudela talde zuri-morea mailaz mantentzeko, baina oraindik ezin da halakorik baieztatu.

Asteburuan Arrasateko zaleek gertutik jarraitu dituzte 3. mailako playoff-ak. Barakaldok lortu du kategoriaz igotzea, baina horrekin ez da nahikoa. Orain geratzen den aukera bakarra da 3. mailan egoera ekonomiko zailean dauden bi talde hauetako batek muzin egitea kategorian jarraitzeari. Batetik, jakina da Lemona klub moduan desagertzetik oso-oso gertu dagoela, eta ekainaren 30ean federazioari aurkeztu beharreko dokumentuetan jakinaraziko dute desagertzeko erabakia hartzen duten ala ez. Baina, beti azaldu daiteke azken orduko babesle bat, horrenbestez, zain egon behar.

Bestetik, DVk argitaratu du Eibarko bigarren taldeak ez duela 3. mailan jarraituko. Antza, ekonomikoki klubarendako garestia da maila horretan beste talde bat izatea, eta diotenez, ez du lehen talderako behar den moduko harrobi lana egiten. Erabaki hori, baina, ez da erabatekoa, Goienak jakin duenez Gipuzkoako futboleko hainbat arlotatik lanean dabiltzalako bigarren talde hori desagertu ez dadin.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak