Etxe utzarazpenen kontrako taldea eta sinadura bilketa, gure ibarrean

Ubane Madera 2012ko ekainaren 25a

Debagoieneko Ezker Anitza alderdiak etxe-utzarazpenen kontrako kanpaina du abiarazita gure ibarrean. Hain zuzen ere, gaur, astelehena, dute etxe-utzarazpenekin lotutako hitzordu bat: sinadurak batzen ibiliko dira Arrasateko jaietan.

"Erdigunean ipiniko dugu mahaia, kartelekin-eta. Gure helburua da etxe-utzarazpenak geraraztea, eta hori posible ez denean, etxea utzi barik, etxea ordainean ematea onartuko duen legea bideratzea. Horren alde gabiltza sinadurak batzen, eta dagoeneko Debagoienean 600 batu ditugu. Dena den, orokorrean, Debagoieneko mugimendu honek Estatu mailakoarekin bat egiten du Kataluniatik abiarazitako mugimendua da", jakinarazi du Salvador Gonzalez Ezker Anitza alderdiko eta Stop Desahucios elkarteko kideak.

Laguntzarako kontaktua

Gonzalezek esandakoaren arabera, horrez gainera, gure ibarrean etxe-utzarazpenen kontrako taldea ere eratu gura dute. Eta horrekin batera, etxe-utzarazpen arriskuan dauden gureko kaltetuei aholkularitza eta babesa eskaini gura diete. Halakoen kasuan, laguntzarako kontaktua bideratu dute: 653 722 931 edo stopdesahucios@plazan.net.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak